Mikel Irujo hautagaiak euskararen ofizialtasuna eta politika sozialak defendatuko dituela dio
Mikel Irujo Europako hauteskundeetarako EAko hautagaiak «estatuen aurkako herrien Europa» defendatuko duela esan zuen atzo Iruñean. Herrien Europa koalizioaren baitan, euskararen ofizialtasuna eta Nafarroari bere berezitasun ekonomikoak eta fiskalak zuzenean defendatzeko eskumena ematea eskatu zituen, besteak beste.
Maiorga Ramirez EAko Nafarroako presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan, Irujok Europako Batasunean defendatu nahi dituen asmo nagusiak plazaratu zituen. Gauzatu nahi duen lanaren oinarria «euskal herritarren interesen defentsa» izanen dela zehaztu zuen. Ildo horretan, Europako Parlamentuko ordezkarien artean Irujo «euskal hiztun bakarra» izanen dela azpimarratu zuen Ramirezek eta, Europako Herrien koalizioak bigarren ordezkaria lortzea «ziurtzat» jo zuen. Nafarroa «hobekien» defendatuko duen hautagaia dela aipatu zuen EAko legebiltzarkideak. «Nafarroako nortasuna defendatzeko gaitasun gehien duena da. Javier Pomes UPNko hautagaiak, Europako PP alderdian barnean kokaturik, mugimenduak egiteko ahalmen gutxi izanen du», argudiatu zuen. EAko hautagaia bigarrena da Herrien Europa koalizioaren zerrendan. ERC, CHA eta PSA alderdiekin batera estaturik gabeko nazioen «ahotsa» izan nahi dutela esan zuen Irujok. «Europako erakundeetan politika abertzale eta aurrerakoiak defendatuko ditugu», iragarri zuen.
Irujok bere lan jarduna hiru zutabetan oinarrituko duela aurreratu zuen. Lehenik, hizkuntza gutxituak defendatuko ditu eta euskararen ofizialtasuna eskatuko du. 50 milioi europarrek beren estatuan ofiziala ez den hizkuntza hitz egiten dutela azpimarratu zuen eta herritar horiek defendatzea «ezinbesteko» dela esan zuen. «Herrien Europa lemapean, egungo estatuen Europaren kontra lan egin nahi dut», gaineratu zuen. Bigarrenik, «merkatarien Europaren aurrean Europa soziala» defendatuko du: «Europako Batasunean 40 milioi txiro bizi da eta, beharrezkoak dira neurri sozial eraginkorrak». Txiro horiek EB osatzen duten 25 herrialdeetako biztanleriaren %20 dira eta Irujoren ustez, «eskaintzen zaien baino arreta handiagoa behar dute».Hirugarrenik, ingurumena babestea defendatuko du. Zentral nuklearrentzako EBk dirulaguntza gehiago ez ematea eskatu zuen eta Europako Batasunean energia nuklearra ekoizteari uztea exijitu zuen. Irujok Europako Legebiltzarrean aulkia lortzen badu, Nafarroako eta EAEko legebiltzarreko, Madrilgo Gorteetako eta Europako Parlamentuko lanak koordinatzeko erakunde arteko bulegoa eratuko du EAk.
Nafarroa Europako Batasunean
Mikel Irujok Nafarroak Europako Batasunean ordezkaritza zuzena izatea eskatuko duela ere iragarri zuen. Nafarroak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak bezala, eskumen fiskal propioak izan arren, Ecofinean ordezkaritzarik ez dutela salatu zuen. Ecofin EBko herrialdeentzat neurri fiskalak onartzen dituen ogasun kontseilua da. «EBk 25 herrialde ditu baina 29 politika fiskal. Hegoaldeko lau herrialdeak ordezkatuak egon beharko lukete», esan zuen. Alemaniako eta Austriako landerrak eurei dagozkien gaiak aztertzen direnean ordezkaritza zuzena dutela aipatu zuen.
Hala ere, Herrien Europa koalizioaren eskaera «haratago» doala zehaztu zuen Irujok. «Herrien Europa nahi dugu. Egungo marko juridikoa aldatu eta, estatuen eredua desagertaraztea nahi genuke», azaldu zuen.
Jatorria: Mikel Irujo