Estatus berriari buruzko hitzartzearekin agurtu du Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusi ohiak Legebiltzarreko lana. Estatus berriaren eztabaida eta lanketaren garrantzia azpimarratu du gaurko Kontrolerako Osoko Bilkuran, Iñigo Urkullu lehendakariari egindako galderan eta adostasunak lortzeko beharra aldarrikatu du.
“Estatus politiko berrian ezin dugu arriskatu, ezin motzera jokatu, hurrengo hamarkadetako marko berria finkatuko duelako”, esan du EH Bilduko legebiltzarkide lanak ere utziko dituen Urizarrek. Lan hori aurrera ateratzeko adostasunak bilatu beharra dagoela ere adierazi du, “Oinarrien lanketarako egindako lanean puntu ezberdinetatik abiatuta adostasunak lortu eta oinarriek duten potentzialitate guztia ateratzeko” gaitasuna egon zela balioan jarri du “EAJren ordezkaritzaren jarrera” goraipatuz.
Legebiltzarkide lana “sentsazio gaziarekin” uzten duela aitortu du Urizarrek, “bi legegintzaldiren ondoren, Estatus berriari buruzko Legea” ikusi ez duelako, baina “berandu baino lehen onartuko” dela iragarri du: “Herri honek premia daukalako, ekonomia, lan esparrua etabarri buruz Madrilen erabakitzen denak ez dio bertako egoerari erantzuten”.
Hori lortzeko berme bakarra “errepublika propioa sortzea” dela azaldu du EAko idazkari nagusi ohiak, estatus politikoari buruzko eztabaida ez bada horren urrun iristen ere: “Kontzertua da estatus berriaren klabea, eta Kontzertu Ekonomikoari garrantzi handia ematen diogun bezala, kontzertu politikoari ere eman behar genioke, berdinen arteko harremana bai Euskal Herriko lurralde ezberdinen arteko erlazioan eta baita Espainiar estatuarekiko erlazioan”.