Legegintzaldi honetan lehentasuna izango du Kiotoko konpromisoetarantz aurrera egiteak, eta, horretarako, klima-aldaketaren bulegoa sortuko da Esther Larrañagak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, egindako agerraldian eskaini dituen datuak aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren egoeran, “argiguneak eta ilunpeak nahasten dira, baina argiguneak ugariago dira ilunpeak baino”. Izan ere, aditzera eman zuenez, aurtengo adierazleek berretsi egiten dute “bide onetik goazela; alabaina, ezin dugu triunfalista izan, ezta egindakoarekin atsegin hartu ere. Bide egokia hartu dugu, baina bidea luzea da”.
Sailburuaren hitzetan, hainbat funtsezko alderditan, aurrerapausoak nabarmenak dira, hala nola airearen eta uraren kalitatean. Aitzitik, “gure ahaleginarekin irabazten duguna, eta administrazioez, enpresez eta herritarrez ari naiz, kontsumoan eta garapenean oinarritutako gure bizimoduarekin galtzen dugu”.
Era berean, ekonomiak gora egiten du, ingurumen-arazoen gorakadaren gainetik, Larrañagak azpimarratu zuenez.
Haatik, 2005eko adierazle horien arabera, honakoak dira, inolako zalantzarik gabe, KEZKA ITURRI NAGUSIAK: berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa, hondakinen sorrera edo lurzoruaren eta energiaren kontsumoa. Hori dela eta, legegintzaldiari hasiera emateko izan zuen agerraldian hartutako konpromisoa berretsi du sailburuak, eta gai horiek bere Sailaren agenda-politikoaren lehen orrian jarri ditu. Larrañagak, espresuki eta bereziki, aipatu zuen klima-aldaketaren bulegoa sortuko dela.
Legegintzaldi honetarako lehentasun horrekin batera, Larrañagak ezinbestekotzat jo zuen garapen iraunkorraren eta kontsumo arduratsuaren kultura heda dadin eta sustrai dadin sustatzeko lanari jarraipena ematea, bai herritarren artean, bai enpresen eta administrazioen artean.
Gizarte gisa aurrera egiteko eta gure aurrerabidea ez eteteko premiari buruz gogoeta egin behar da. Alabaina, aurrerabidea hiru arlotan egin behar den garapentzat hartu beharko da: gizarte arloan, arlo ekonomikoan eta ingurumen arloan egin beharreko garapentzat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Adierazleen Txostenak duen garrantzia nabarmendu zuen Larrañagak; izatez, garapen iraunkorrari buruzko eztabaida hori benetan egin ahal izango bada, behar-beharrezkoa da gizarteari informazio argia, sinplea eta zuzena eskaintzea. Gure ingurumenaren bilakaera zehatz-mehatz eta labur deskribatzeko gauza den informazioa jarri beharko da herritarren esku. Sailburuaren iritziz, informazio hori, nolabait, “gure kudeaketak iritzi publikoaren aurrean eta, azken finean, herritarren aurrean izan behar duen errebalida da”.
Jatorria: Esther Larrañaga