Ingurumen Sailburua iraunkortasunaren kultura gizarte osoan hedatzearen alde agertu da, denon mesederako izango delako, osasun, denbora eta dirutan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua, Esther Larrañaga, iraunkortasunaren kulturaren gaineko kontzientzia gizartean zabaltzearen alde agertu da; era berean, garapen eredua berriro planteatzeko beharra azpimarratu du, funtsezkoa baita garapenaren bidez hazkunde ekonomiko saneatua, gizarte garapen aurreratua eta ingurumenaren babesa bateratzea eta ziurtatzea.
Gaur goizean, “Lanera autorik gabe!” Eguna dela eta, Larrañaga sailburua eta hiriburu gipuzkoarreko alkatea den Odon Elorza jauna, bi administrazioek batera antolatutako ekitaldi batean elkartu dira. “Lanera autorik gabe!” Egunarekin amaitzen da iragan 16az geroztik Europa osoan ospatu eta EAEren kasuan Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak sustatu eta koordinatu duen Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea.
Hasteko, xede dugun ekimenaren alde agertu den udaletxe kopuruaren hazkundea goraipatu du Larrañagak, izan ere, iaz 86 udaletxek parte hartu zuten bitartean, oraingo honetan 131 udalerri izan dira, hau da, EAEko biztanleriaren % 90 baino gehiago. Sailburuaren aburuz, “aurrerapauso garrantzitsua eman da, gero eta gutxiago falta baita guztion inplikazioa lortzeko, eta guztion inplikazioa esatean, enpresa, herritar eta, noski, administrazioen inplikazioa esan nahi dut”; hala ere, sailburuak adierazi zuenez, “oraindik ere, bide luzea dugu aurretik”.
Larrañagaren hitzetan, “Lanera autorik gabe!” Egunarekin amaitutzat jo da EAE osoan hirurehun jardueratik gora antolatu eta garatu diren astea. Jarduera horien artean, bereziki azpimarragarria da Miñano, Zamudio eta Miramongo teknologia parkeetan antolatutakoa, hain zuzen, CO2 emisioak erdira murriztea helburu duen jarduera; beste erdia konpentsatzeko, aipatutako Teknologia Parkeetako enpresek egingo dituzten diru ekarpenak Costa Ricako Los Santos eskualdeko etxalde txikiak oihantzeko erabiliko dira. “Modu horretan –azpimarratu zuen sailburuak-, ekimen berritzaile honen amaierako emaitza Zero CO2 izango da.
Era berean, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko titularrak bereziki nabarmendu zuen izaera iraunkorreko beste mota bateko jardueren garrantzia, besteak beste, kaleak oinezkoentzat egitea, trafikoa eta aparkatzeko plazak berriro antolatzea, garraio linea berriak martxan jartzea, okupazio altuko ibilgailuentzako errai azkarrak jartzea, eta abar, izan ere, sailburuaren ustez, “ Mugikortasunaren aldeko Europako Astearekin lortu nahi den sentsibilizazioaz gain, oso garrantzitsua da egituratik hasita modu argian eta etengabean lan egitea garapen jasangarriaren alde”.
Adierazitako guztiaz gain, Larrañaga sailburuak argitu zuenez, xede dugun ekimenaren bitartez “gizartea kontzientziatzea lortu nahi da; lantokira ibilgailu pribatuan joateak dakarren kostu ekonomiko izugarriaz eta, are gehiago, ingurumen eta osasun kostu izugarriaz ohartu behar du gizarteak”. “Ezin dugu ahaztu –jarraitu zuen sailburuak- autoa gehiegi erabiltzea, gizarte kostu itzela eragiteaz gain, gure erkidegoko ingurumena narriatzen duen arrazoi nagusietako bat dela eta, horrenbestez, Kyoton erabakitako helburuetatik urrun gaudela oraindik”. Haatik, azpimarratu beharreko datua da berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak mugatzeko konpromisoa betetzeko orduan, EAE hobekien kokatuta dagoen autonomia erkidegoa dela.
Garapen Iraunkorra: gure mesederako, osasun, denbora eta dirutan
Adierazitako guztia baieztatzen duten datuak erabili eta aurkeztu zituen sailburuak. Horrela, EAEn garraioak egindako isuriek eragindako klimaren aldaketaren ondorioz izan diren galera ekonomikoak —Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako azterlan baten arabera— 691 milioi eurotan baloratu ziren 2000. urtean; hau da, BPGren % 1,70. Gainera, EAEn biztanle bakoitzak egiten dituen lau kilometrotatik hiru autoa erabiliz egiten dira, eta biztanleriaren erdiak baino gehiagok jasan behar ditu trafikoak sortzen dituen arazoak (poluzioa, istripuak, auto ilarak, zarata, eta abar).
Egoera horren aurrean, sailburuak argi adierazi du nahitaezkoa dela mugikortasunarekin erlazionatutako ohiturak eta beharrak zeharo aldatzea; horrekin lotuta, ezin da ahaztu benetan garrantzitsua dela lurralde antolamendu egokia eskaintzea. Sailburuak esan duenez, hori da, hain zuzen, berak zuzentzen duen Sailak legegintzaldi honetarako proposatutako helburuetako bat. Xede horrekin, Garapen Iraunkorraren EAEko Ingurumen Estrategia erabiliko da funtsean. “Azken finean –adierazi zuen- mugikortasun eskariaren zentzuzko kudeaketa egiteko politikak behar dira, eta orain arteko politika tradizionalei —azpiegituren hornidura oinarri dutenei- lehentasuna kendu behar zaie. Eta hori guztia lortzeko, jakina, nahitaezkoa da gu guztion inplikazioa hobetzea eta sakontzea”; ildo beretik, amaitzeko, bereziki azpimarratu nahi izan zuen sailburuak “aipatutako guztiak ingurumenarekin loturikoaz gain, onura gehiago ekarri dizkigu, denoi ere, osasun, denbora eta dirutan”.
Jatorria: Esther Larrañaga