Batasunaren ilegalizazioa berresteko erabakiarekin, Eusko Legebiltzarrean Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialarekin bat ez datorren gehiengo artifiziala sortzen laguntzea egotzi dio Ikerne Badiolak Giza Eskubideen Auzitegiari
Batasunak bere ilegalizazioaren kontra aurkeztu zuen helegitea ez onartzeko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia “albiste txarra da demokraziarentzat”, ohartarazi du gaur Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak, modu horretan milaka hiritar joko politiko eta instituzionaletik kanpo geratzen direlako.
EAko buruzagiak salatu duenez, erabaki horrek agerian utzi du Europan gertatzen ari den eboluzio politikoa, legala eta juridikoa gero eta murriztaileagoa dela; horren harira, Badiolak kritikatu du lehentasun osoa segurtasunari ematen zaiola, eta ez norbanakoen eta kolektiboen askatasunei. Gainera, Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak “Eusko Legebiltzarrean Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialarekin bat ez datorren gehiengo artifiziala sortzen laguntzen du”, nabarmendu du EAko Komunikazio idazkariak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna