Astelehenean, BBK eta Vital Kutxako batzarrek kutxak fundazio bihurtzea eta pribatizaziorako atzeraezineko urratsa ematen dutenean, jokoan duguna Euskal Herriaren –Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa- parte baten etorkizun ekonomikoa da.
Kutxabankek EAEko finantza sistemaren %40 biltzen du. Horregatik, pribatizazioak EAEko finantza sistemaren %40aren kontrola galtzea suposatzen du. Eta horrek ondorioak izango ditu, nahi eta nahi ez. Enpresa –handiak eta txikiak-, norbanako, autonomo, merkatari eta, publikotasuna galtzen den heinean, erakundeei ere eragiten die erabakiak.
Finantza ereduak herri baten ekonomia eta gizarte eredua definitzen du neurri handi batean. Eta EAJk, PPk eta PSOEk astelehenean eredu sozialetik eredu pribaturako aldaketa eragingo dute astelehenean. Ekonomia errealaren alde egin eta kontrol publikoa duen eredutik, helburu bakarra mozkinak irabaztea duen eredurako saltoa emango dugu. Kutxabanken helburu bakarra dirua irabaztea izango da, EAJk, PPk eta PSOEk erabaki dutelako. Dirua irabazi kosta ala kosta: etxekaleratzeak, espekulazioa,…
EAJk, PPk eta PSOEk euskal oligarkia finantzarioa sortzea erabaki dute. Eta horien helburu bakarra poltsikoak betetzea da, beraienak eta bere lagunenak. Hartuko duten altxorra tamainakoa izatea espero dugu, zeren gizarteari egin dioten traizioa izugarria baita.
Boterea hiru alderdien peoiak diren hamabost lagunen esku uztearen erabakia astelehenean burutuko dute, kontrol publikoa erabat ezabatuz eta gizartearen gehiengoak informazio nahikoa izan gabe. Iñigo Urkullu lehendakariak berak gezurra esan du gai honi buruz, gorritu ere egin gabe.
Kutxabanken pribatizazioa kritikatzen dugunoi alarmismora jotzen dugula esan ohi zaigu. Baina ez da alarmismoa, ardura baizik. Izan ere, astelehenean azken urteotan gure ekonomiari buruz hartu den erabakirik garrantzitsuena hartuko dela esaten duenik ere bada.
Urte batzuk barru atzera begiratzean poztasun tristea izango dugu, denborak bere lekuan jarriko duelako bakoitza. Baina ez du ezertarako balioko. Gaur garaiz gaude.