Alokairuko etxebizitzen prezioaren igoerak pertsona asko marjinaltasunera bultzatzen dituela egia borobila da eta Iker Rahona, EH Bilduko Bizkaiko batzarkideak Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernu Onaren eta Gardentasunaren Batzordean aldarrikatu duenez, beharrezkoa da egoera horri buelta emateko neurriak hartzea. Datu argia eman du Rahonak: “Etxebizitza da gure biztanleriaren portzentaiarik handienari zailtasunak sortzen dizkion arloa: lau pertsonatik bati, hain zuzen ere”.
Rahonak etxebizitza arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzari alokairuaren merkatu pribatuan eragiteko premiazko neurriak hartzeko eskatzea proposatu diezaion proposatu die Batzar Nagusiei, besteak beste, “prezioa legez arautu eta mugatzea, baita etxebizitza hutsen kanona eta kenkariak egokitzeko neurri fiskalak ere”. Era berean, alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko neurriak eskatu dizkio Lakuari.
Eusko Alkartasunako Bizkaiko koordinatzailearen hitzaldiak argi utzi du urtero egiten diren etxegabetzeak oso sakonekoa den arazo baten aurpegirik agerikoena eta muturrekoena direla, baita etxebizitzaren prezioak pobrezian betikotzen dituela baliabide gutxien dituzten familiak, diru gehien duten pertsonak aberasten dituen bitartean.
Rahonak alokairua ordaintzeko zailtasunetan dagoen genero faktorea ere azpimarratu du: “Soldata arrakala dela eta, emakumeek soldataren %73 bideratu behar dute alokairua ordaintzera, gizonek baino 13 puntu gehiago”. Egoera horrek, era berean, gehiago eragiten die gazteei, “beren bizitza-proiektua garatzeko eskubidea kolokan uzten duela”. Izan ere, “etxebizitzaren alokairuaren prezioak eta lan prekarietatea direla eta, EAE Europa azkenetako postuetan dago emantzipatzeko adinari dagokionez”.
Covidaren krisian zehar etxebizitza egokiaren garrantzia argi geratu da, “birusaren aurkako defentsarik oinarrizkoena izan da, hil ala biziko kontua, inoiz ez bezala”.