“PPren Gobernuak gaur dekretuz onartu duen neurriak ez du eraginkortasun errealik izango etxe desjabetzeen arazoa konpontzeko”.
Gaur presazko agerraldi honetara deitu zaituztegu, Espainiako Gobernuak etxe desjabetzeen inguruan onartu duen errege dekretuaren urgentziazko balorazioa egiteko. Izan ere, beste behin agerian geratu da politika egiteko eredu zaharkitu honen porrota, ezin baitu neurri eraginkorrik hartu etxe desjabetzeena bezalako drama sozial ankerraren arazoa konpontzeko.
EH Bildutik uste dugu PPren gobernuak gaur dekretuz onartu duen neurriak ez duela inolako eraginkortasun errealik izango etxe desjabetzeen arazoa konpontzeko. Herritarren presioak eraginda eta desjabetzeek sortzen duten drama gero eta agerikoagoak bultzatuta, korrika eta presaka erabaki bat hartu behar izan dute.
Madrilen gaur onartutako errege dekretua adabaki bat baino ez da, zenbait herritarri mesede egin diezaiokeena, baina inolaz ere ez duena konponduko etxe desjabetzeen arazo larria. Espainiako gobernuak begi batez begiratu die herritarren aldarrikapenei , baina beste begiarekin ondo baino hobetu aztertu du bere erabakiak zer nolako eragina izan dezakeen finantza erakundeetan. Hau da, krisiaren sorrerarekin zerikusirik ez duten herritarren arazoei konponbideak ematearen itxurak egin ditu, baina krisia eragin duten finantza erakundeak eta kapital finantzarioak kaltetu gabe. EH Bildurentzat, heldu da momentua, erakunde finantzarioei euren erantzukizun soziala exijitzeko, herritarren interes orokorrari eta etxebizitza eskubidea gauzatzeari lehentasuna emateko eta ez erakunde finantzarioen interes ekonomikoei.
Murgilduta gauden krisi ekonomiko eta sozial larriak aurrera egin ahala, gero eta agerikoagoa da beharrezkoa dela eraldaketa soziala abian jartzea. Politika egiteko eredu zaharkitua eta iraungitua ordezkatzen dutenek gaitasunik ez dutelako herritarrek dituzten arazo larriei erantzuteko, eta erantzuten dutenaren itxurak egiten dituztenean, elite finantzarioen aginduen aurrean makurtzen direlako. Bestelako politikak ezartzea ezinbestekoa da, ausartak, eta jendartearen eguneroko arazoei konponbide errealak eskaintzea.
Hain zuzen ere, etxe desjabetzeen arazoari aurre egiteko, EH Bilduk joan den udaberrian proposamen ausart, erreala eta eraginkorra jarri zuen mahai gainean. Gerora, Legebiltzarrerako hauteskundeetarako programan bildu zuena. Herritar bat bera ere kalean ez uzteko, “Etxebizitza Institutu publikoa” sortzea proposatzen du EH Bilduk. Etxe kaleratze arriskuan dauden hipoteka kasuak moratoria batean sartuko lirateke; arriskuan dagoen familiaren etxe hori entitate publiko horren jabetzara pasatuko litzateke, eta ordaintzen ari zen pertsonak zailtasun larriekin jarraitzen duen bitartean, etxean bertan geratuko litzateke, baina alokairu soziala ordainduz, sekula errentaren %15a gainditu barik. Behin ordain ahalmena berreskuratzean, berriro ere jarraituko luke hipoteka hori ordaintzen. Ahaztu barik zein den sakoneko eztabaida. Eskubidea izan beharko litzatekeena, etxebizitza duin bat disfrutatzea, alegia. Erakunde finantzarioek, PNV, PP eta PSEren konnibentziarekin (adostasunarekin), espekulaziorako ondare bat bihurtu dutena. Horregatik, etxebizitza duina disfrutatzeko eskubidea gauzatuko duen lege bat, EH Bilduren lehendabiziko aldarrikapenetako bat izango da Gasteizko Legebiltzarrean.
Beraz, EH Bilduk badu proposamena etxe desjabetzeen arazoari aurre egiteko, eta borondate politikoa egonez gero, gauzagarria eta eraginkorra ere badena. Koalizio honetatik dei egiten diegu Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei etxe desjabetzeen inguruko eztabaida publiko bat egitera. Arazo larri eta krudel baten aurrean gaude, milaka euskal herritarri eragiten diena, eta herritarrek konponbideak exijitzen ari zaizkigu. Madrildik erakutsi digute arazo honi aurre egiteko ez dutela ez gaitasunik eta ez borondate errealik. Guri dagokigu, euskal jendarteari bere zentzurik zabalenean, arazo honi adarretatik heltzea eta konponbide eraginkorrak mahai gainean jartzea eta adostea. EH Bilduk bere eskuetan dagoen guztia egingo du eztabaida publiko hori bideratzeko eta soluzioak mahai gainean jartzeko , hau da, desjabetzeak behin betiko eteteko politika eraginkor bat zehazteko. Desjabetzeen arazoaren larritasunak eta ondorio dramatikoek hori exijitzen dutelako.
Amaitzeko, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek deituta desjabetzeen aurka, larunbatean, Bilbon, egingo duten manifestazioari gure atxikimendua adierazi nahi diogu. Arazo honen aurrean ezin gara eskuak gurutzatuta geratu. Konponbideak exijitu eta proposatu behar ditugu. Baina, aldi berean, soluzio horiek gauzatzeko borondate politikoa ere exijitu behar dugu. Eta hori egin behar dugu eta egin nahi dugu bestelako jendarte eredu batean sinesten dutenekin eta horren alde lan egiten dutenekin elkarlanean.
Hoy os hemos convocado para realizar una valoración de urgencia del decreto aprobado en el día de hoy por el Gobierno español sobre los desahucios de viviendas. Un medida que demuestra una vez más el fracaso de un modelo de hacer política obsoleto, que no es capaz de adoptar medidas eficientes para hacer frente al cruel drama social que suponen los desahucios de viviendas.
Jatorria: Eusko Alkartasuna