Iker Rahonak on line merkataritzaren Eup! ekimenaren garapena aztertu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordean. Rahonak azaldu duenez, dendak atxikitzeko kanpainak emaitza oso eskasak eman ditu, eta zalantzak agertu ditu EAJ-PSE Gobernuak ekimenari eman dion norabideari buruz.
EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasunako Bizkaiko koordinatzaileak zail ikusi du Gobernuaren helburuak bete daitezen eta Gabonetarako 671 saltoki atxikitzea Eup! plataformara, egun 364 baino ez baitaude. “Agian goiz da porrotaz hitz egiteko, baina proiektua ez dela erakargarria aitortu daiteke”, adierazi du Rahonak.
EH Bilduko ordezkariak salatu duenez, Aldundiak ez du proiektua ondo zehaztu: “On line plataformak Bizkaiko tokiko merkataritza osoa jendearen eskura klik batekin jarriko zuela esatetik edo herrialdeko tokiko merkataritzaren Amazon izango zela baieztatzetik, online saltzeko plataforma handiekin lehiatzea ezinezkoa dela aitortzera pasatu da”.
Hala ere, Rahonak azpimarratu du “tokiko merkataritzaren digitalizazioa geldiezina” dela, baina Eup! bezalako ekimenen helburua “ezin da online salmenta izan, Bizkaiko saltoki txiki gehienek on line salmenta gutxi egiten baitute”. Horregatik, EH Bilduren iritziz, “digitalizaziorako jauzia gauzatzeko tresnak diseinatu, garatu eta Bizkaiko merkataritza-sarearen esku jarriko dituen ekimena izan behar du Eup!-ek, saltoki txikiek salgai dutena ahalik eta bezero gehien ezagutzeko”.
Rahonak beste zalantza bat planteatu du, Eup!-ren funtzionamenduaren oinarrien eskakizunei buruz: “Saltokiak ezin badu bezeroekin zuzenean harremanetan jarri, saltokiaren bezeroa da edo Eup!ena?”. Saltzaileek komisioa hartzen badute salmenta bakoitzeko eta ez badute bezeroarekin harreman zuzenik, Amazonen funtzionamendua errepikatzen ari dira, multinazionalak ematen duen zerbitzua berdintzeko aukerarik gabe.
Iker Rahona BARAKALDO