Eskozia, Flandes, Kosovo eta Txekiako esperientziak aztertu dituzte EAk Europako Batasunean estatu gabeko nazioek independentzia lortzea inoiz baino errazagoa dela adierazi zuen atzo Begoña Errazti EAko presidenteak. Era berean, «gaur-gaurko» kontzeptua dela esan zuen, Europaren barruan hainbat direlako independentziaren bila ari diren herriak eta beste hainbatek ere lortu dutelako. «Europako mapa aldatuko egingo da oso etorkizun hurbilean».

Hori guztia erakusteko, hainbat gonbidatu ekarri zituen Eusko Alkartasunak Bilboko Euskalduna jauregira, Independentzia gaurko munduan izeneko jardunaldietan parte hartzeko. Bertan izan ziren Jiri Novotny Txekiako Moravane alderdiko kidea, Ilir Dugolli Kosovoko presidentearen aholkulari ohia, Gunther Dauwen Flandesko Samen alderdiko kidea eta Alyn Smith Eskoziako SPN alderdiko eurodiputatua.

Independentziaren beharra aldarrikatu zuen Erraztik bere hitzaldian. «Beharrezkoa da gure gizartearen ongizatea hobetzeko». Era berean, independentzia nahiari «aitzakiak» jartzen dizkietenei «erresistentzia zibilarekin» erantzun behar zaiela esan zuen. «Egun indarrean dagoen legeria erabiltzen dute aitzakia gisa PP eta PSOE indar zentralistek, baina horren aurrean herrien nahia eta borondatea dago. Eta helduko da momentu bat horri ezin izango diotena aurre egin».

Independentzia lortzeko bidean kontsulta «tarteko bidea» dela adierazi zuen. «Gure herriari zein bide hartu nahi duen galdetzekoizango da kontsulta hori. Ziur gaude gure herriak autogobernuaren alde egingo duela». Behin lehen kontsulta igaro eta ondorengo negoziazioen ondoren, horren emaitza berresteko beste kontsulta bat egitea proposatu zuen Erraztik.

Antzeko proposamena egiten du Eskoziarako SNP alderdi nazionalistak. Alyn Smith eurodiputatuak azaldu zuenez, egun gutxiengoan baina agintean daude Eskozian. Agintea lortu eta 100 egunera, independentziarako bidean egin beharreko urratsak zeintzuk izan behar diren azaltzen duen txostena argitaratu zuen Gobernuak. «Independentziarena lehen mailako gaia da orain Eskoziako agenda politikoan».

Erraztik egin bezala, independentzia beharrezkotzat ikusten du Smithek. Bera eurodiputatua izanik, ez du Eskozia ondo ordezkatua ikusten Europako Batasuneko erabaki organoetan. Hori erakusteko, adibide bat jarri zuen: Eskoziak dauka Britainia Handiko arrantza industrien %80, baina arrantzako erabakiak hartzen diren organoetan, Londresko ministro batek parte hartzen du.

ALDAKETA GIROA EUROPAN.

Eskozian ez dute etnia edo hizkuntza arrazoirik independentzia eskatzeko; gizartearen ongizate arrazoiek bultzatzen dituzte horretara. Dena den, independentziak norbere buruarekin gustura egotearekin lotura handia daukala aitortu zuen. Horregatik subiranotasun hori herritarrek exijitu behar dutela esan zuen.

Azpimarratu zuenez, «aldaketa giroa» dago Europako Batasunean. «Independentzia ezartzeko eta aitortua izateko aukerak badaude Europako Batasunean». Antzeko bidetik jo zuen Mikel Irujo EAko eurodiputatuak. «Borondate politikoa egonez gero, minutu bateko kontua izango litzateke». Horren harira, Europako Batasunak bere kide izateko jartzen dituen baldintzak gogora ekarri zituen. «Euskal Herriak aspalditik betetzen ditu
baldintza horiek», nabarmendu zuen.

Jatorria: Begoña Errazti