Martin Aranburu, legebiltzarkidea
Administrazio orok du zuzendu ezineko akatsa: biztanleriaren eta administrazioaren arteko distantzia. Iritzi publikoa administrazioak hartzen dituen erabaki gehienez jakitun ez denez, erlazio xelebrea eratzen da bien artean: biztanleriak aukeratua eta biztanleria zerbitzatzeko sortua berarekiko urruntasuna itzela da, eta herritarrek ez dute administrazioa gertuko elementu legez ikusten, are eta gehiago, funtzionamendu estatiko eta konstante batean murgilduta dagoen erraldoi burokratikotzat jotzen da administrazioa. Hainbeste dira, gainera, gaur egungo administrazioak! Udal mailan hasita, Europar Batasunera heldu arte, jendartearen parte den egitura burokratiko-administratibo anitz daude gaur egun, guztiak zuzenean edo zeharka herriak aukeratuak, baina, era berean, herritik oso aldenduak.
Europar Batasuna da horren adibide garbiena. Gure bizitzan eragiten gaituzten erabakien gehiengoa Bruselan hartzen dira, baina bertako erakundeekiko euskal biztanleek sentitzen duten distantzia itzela da. Ez soilik hemen. Deigarria suertatu zait Europako beste herri batzuetan izan den parte-hartze kopurua, eta bereziki, Batasunaren kide diren estatu berrietan izandako boz kopurua. Batasuna den erraldoi burokratikoak ez du bere burua arriskuan ikusten ziurrenik, baina erreflesio nagusi eta pozgarri bat ateratzen dut nik igande horretako datuak ikusita: botereguneetatik jaiotzen diren ekimen politikoak, herriaren borondatearen isla izan ordez, herriak propiotzat ez dituen interes baten ondorioz sortzen direnean, ez dute jendartearen inplikaziorik eta atxikipenik lortzen.
Europako zein biztanle kolektibok edo alderdi politikok du Europar Batasuna bere ekinbide politiko-sozialaren helburu nagusitzat? Batek berak ere ez. Boteregune batzuetatik sorturiko eta garaturiko proiektua izanik, europarrak jada martxan zebilen tren batean igotzera izan gara behartuak, egunez egun azkarrago doan trena eta, honezkero, atzerabiderik ez duena. Elkarte ekonomiko batean hasi eta konstituzio politiko bakar batean bukatuko den bidaia. Euskal Herrian gure markoa definitu gabe eta bestelako markoetan pentsatzeko gaude ba euskaldunak! Hori dela eta, normaltzat jotzen dut nik parte-hartze eskasa, izan ere, gugan eragin gutxiko proiektutzat jotzen baita Europa. Haatik, sinesgarria al da A Coruña eta Riga bilduko dituen proiektu politiko bakar baten inguruko diskusioa? Benetan sinisten al dugu A Coruñako eta Rigako biztanleek larritasun politiko bera dutenik?
Trena abian da, baina trenak bidairiak behar ditu, bestela, trena helmugara helduko dela ez dut ukatzen. Hori bai, hutsik.
Jatorria: Martin Aranburu