Gales eta Eskozian aste honetan egingo diren ekitaldietan parte hartuko du Lorena López de Lacallek, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkaria eta Europako Aliantza Libreko presidenteordea. EALko partaide ere baden Plaid Cymryk antolatutako hitzaldian parte hartuko du. Biltzar Nagusia egin berri du alderdi galestarrak eta Adam Price presidente hautatu. Eskozian berriz, larunbatean egingo den independentziaren martxa handian egongo da eta UEn zabalik dauden subiranotasunaren aldeko prozesuei buruzko hitzaldian parte hartu.
Protagonismo handia izan du Brexit-ak Plaid Cymruren Biltzar Nagusian, eta gai horri buruzkoa izango da ere Eusko Akartasunako ordezkariak parte hartuko duen hitzaldia. Jill Evans eurodiputatuak eta Llyr William, Galeseko alderdiko Nazioarteko Politiken idazkariek ere hitz egingo dute mintzaldian.
Alderdi europeista da Plaid, eta Galeseko hiritarrek Brexitaren alde egin izateak (diferentzia txikiarekin bada ere) kezkatzen du, bate zere, Europar Batasunetik ateratzearen alde egin duten lagun asko damututa daudela jakinda. Sortu den egoerari begiratuko dio López de Lacallek, subiranotasuna, europazaletasuna eta ezkerreko ikuspegitik eta “gizarte justizia, giza eskubideak eta oinarrizko eskubideen defentsarekin aurrera jarraitzeko” deia egingo du. “Bi fronteetan ditu arazoak Europak, bere herri batzuetako eraikuntza nazionala eta horietako gehienetan dagoen gizarte eta lan prekarietatea. Horregatik ausardiaz aritzeko ordua da”, uste du López de Lacallek.
Cardiganen (Gales) izango da hitzaldia eta hurrengo egunean Edinburgora (Eskozia) joango da Eusko Alkartasunako ordezkaria, gizarte eragile abertzaleek antolatu duten martxan handian parte hartzeko eta Eskozia eta Galeseko independentzia prozesuei buruzko hitzaldian parte hartzeko.