Cesar Arrondo Antzina-antzinatik, Pirinio aldean bizi da Euskal Herria. Hizkuntza du kultur ezaugarri nagusia: Euskara. Euskaldunak mendeetan borrokatu dira beren eskubideen, lege zaharren (Foruak), ohituren eta bizitzeko modu demokratikoen alde. Ezaugarri kultural eta moral horiek dituztenez, euskaldunek nazio bat osatzen dute.
Munduan historiako hainbat arotan izan diren aldaketen ondorioz, Euskal Herria bi Estatutan kokatu da (Espainia eta Frantzia), Modernitateaz geroztik; zehazkiago esateko, Europako Estatu Nazionalak osatu zirenez geroztik. XIX. mendearen erdialdean, Euskal Nazioa behin betiko galtzeko zorian egon zen, morala gain behera zihoalako eta ez zegoelako nazio espiritu sendorik.
Sabino Aranak berrekin zion Euskararen eta Euskal Herriaren Eskubide Historikoen aldeko lanari. Ikurrina eta Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zituen, eta, hala, borroka abertzalea egiteko beste modu bat osatu zen. XX. mendean, aurrera jarraitu du abertzaleen borrokak, aipaturiko alderdi horren eta sortutako beste zenbaiten bitartez, nor bere esparruan eta estrategiarekin: Eusko Alkartasuna, Batasuna, Zutik, Aralar eta beste talde batzuk.
Euskal Diaspora ere, hau da, kanpoan bizi diren euskaldunak eta haien ondorengoak ere aritu dira borroka horretan. Frankismoa iritsi zenean, haiexek izan ziren, neurri batean, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren euskarria; haiek zaindu zuten euskal kultura, Francoren erregimenak galarazi egin baitzuen; eta haiek lagundu zieten arrazoi politikoengatik Euskal Aberritik alde egindako erbesteratuei.
Euskal argentinarren taldeak lan garrantzitsua egin zuen garai hartan. Are gehiago: euskal jatorriko argentinarrek Euskal Etorkinen aldeko Batzordea osatu zuten, eta, Argentinako Errepublikako presidente Roberto Ortiz jaunarekin hitz egin ondoren, Botere Eragileak dekretu bat onartzea lortu zuten: hari esker, paperik gabeko milaka euskaldun iritsi ziren gure herrialdera, eta bertan bizitzen jarri.
Munduko Euskal Etxeak izan dira erbesteratu askoren aterpea; haietan, herrimina leundu zuten, beren kulturaren hainbat arlo landu zituzten, eta Aberriaren zapalkuntza frankistari buru egiteko modua aurkitu zuten.
Franco hil eta gero, Espainiako Estatuak Konstituzioa aldarrikatu zuen. Horren ondoren, Hegoaldeko lau Lurralde Historikoetatik hiruk Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) osatu zuten, Autonomia Estatutua onartuz bat.
Esparru juridiko horretan, EAEko euskaldunek beren ordezkariak aukeratzen dituzte, emandako zenbait eskumen dituzte, Euskara sustatzen dute, eta munduaren begietan gobernu autonomo bat dute, euskal herritarren bizi-maila hobetzeko politikak sendotzen diharduena.
Egoera politiko-administratibo berri horretan, diasporak eginkizun funtsezkoa bete du, euskal errealitate berria munduari erakusteko bideak jarri baititu, batez ere EAEko gertakari politiko, ekonomiko eta kulturalen berri emateko.
Baina diasporako gehienek uste dugu Kausa Nazionala EAEtik haratago doala, eta bai Nafarroa eta bai Iparraldea Euskal Herriaren parte direla. Hain zuzen, horixe falta da: Zazpirak Bat haren espiritua gauzatzea. Guk, zorionez, Euskal Etxeetan ez dugu bereizketarik egiten zazpi Lurralde Historikoetatik iritsitako euskaldunen artean: denak dira euskaldun. Alde horretatik, gure ustez, euskaldunak ez dira ez euskal espainiarrak eta ez euskal frantsesak: euskaldunak dira, besterik gabe.
XXI. mendeari begira, Euskal Etxeetan gazteak heztea da diasporaren zeregina, historia nazionalaren oinarriak erakustea, eta Euskal Herriaren eskubide historikoen alde konpromisoa har dezaten lortzea. Beharrezkoa da hurrengo belaunaldiak prestatzea, kulturaren alde egiten segi dezaten, Euskal Herrian indarkeria mota guztiak eta tortura amaitzea zer garrantzitsua den erakuts dezaten, eta Euskal Nazioa luze gabe Estatu Independente bihurtzeko aukera badagoela ikusaraz dezaten.
Denok gara beharrezko, inor ez dago sobran. Ideien aniztasunaren printzipio demokratikoarekin bat jokatuko badugu, Abertzaleen esparrua osoki onartu beharra dago, errespetuaren eta bizikidetza demokratikoaren barruan.
Azken batean, gutako bakoitzak du nahi duen ideia politikoarekin bat egiteko eskubidea, baina, diasporan behintzat, erantzukizunez jokatuko badugu, alderdien gainetik jarri behar dugu Kausa Nazionala. Denok gara beharrezko, denok prestatu behar dugu geure burua, denok elkarrengana bildu behar dugu: horixe da bide bakarra, eta, gainera, erantzukizun etsenplu ona izango da, diasporako euskaldunok Euskal Herriari eta mundu guztiari emana.
Jatorria: César Arrondo