Martin Aranburu Euskal gatazkan nazioartearen aipamena egiten da askotan. Nazioartea esaten dugunean argitu beharreko puntuak bi dira nire aburuz: zer edo zein da nazioartea eta zertarako nazioartea.
Euskal gatazkarekiko, nazioarteko komunitatearen funtzioak bi dira nagusiki: lehendabizikoa bultzada eta bigarrena bermea. Lehendabizikoa, hots bultzadarena, bake prozesua piztear dagoeneko unean ikusten dut nik. Oinarrizko ideia bat ulertu behar dugu funtzio hori bere osotasunean ulertu ahal izateko: bake prozesua aktibatu egingo da, baldin eta bertako protagonista nagusiek -eta nagusiak azpimarratu nahi nituzke-, negoziazio eta elkarrizketa prozesu bati hasiera eman nahi badiote. Abiapuntu hori asumiturik onartu beharreko beste abiapuntu bat bada: eragile guztiek mugimenduetan hasi baino lehenago mahaiaren beste aldean egongo denaren benetako borondatearen bermeak behar izaten dituzte. Ezinezkoa da Euskal Herriko kasuan protagonista izango diren gobernu, alderdi edo erakunde armatuek mugimendurik egitea, baldin eta elkarrekiko konfiantza gutxieneko bat ez badago. Horixe da nazioartearen bultzadaren papera. Zuzeneko protagonismorik gabe, aktore desberdinei ´bestearen´ borondate politikoaz konfiantza sortzea eta areagotzea.
Eta bermeak? Gure herrian bi negoziazio prozesu nagusi izan ditugu azken urteotan. Aljerian ETAk eta PSOEk burututakoak porrot egin zuen. Baita Lizarra-Garaziko Akordio garaian ETAren eta alderdi abertzaleen artean burututakoak ere. Formula bakarra geratzen da hortaz: aktore guztien artekoa. Bide horretan arriskuak asko badira ere, ekidingarria den arrisku bat badago: itunen interpretazio desberdinarena aktoreen partetik. Arrisku handia da hori, eta ezinbestekoa da akordioak aldatuak ez izatea. Aspektu hauen eta antzekoen inguruko adostasunak emango badira aktore desberdinak interpretazio berdina adosten dutelako izanen da. Hortxe dago nazioartearen bermeetako bat.
Egin beharrekoa argituta errazagoa da nork egin behar duen ulertzea. Zer esanik ez, lehenengo funtzioa bete ahal izateko, aktore desberdinentzat fidagarri edo konfiantzazko diren nazioarteko aktoreetaz ari naiz. Batzuen kasuan erakundeak izango dira, beste batzuen kasuan pertsona konkretuak edo alderdi politikoak. Irlandar kasuarekin egingo dut parekatzea: IRA eta Downing Street-en arteko konfidantza hutsa zen momentuan, elkarrekiko konfidantza kate politiko desberdinak eraikitzea posible izan zen: IRA-Sinn Feinn, Sinn Feinn-SDLP, SDLP-Laboristak, Laboristak-Downing Street. Gure kasuan aktore desberdinek ´lagunak´ dituztenez, lagun horien arteko erlazioa ematea da garrantzitsua.
Bigarren funtziorako planteamenduak apur bat desberdina behar du izan, hain zuzen, berme funtzioa bete ahal izateko guztiek onartutako nazioarteko aktoreak izan behar dira, bake prozesuaren negoziaketan momenturen batean debatitutako eta adostutako kontua delarik. Amankomunean jarri behar dira aktore horiek, negoziaketa mahaian dauden alde desberdinek onartuak izango direlarik. Guztien konfidantzarekin bakarrik bete dezakete ondo ematen zaien funtzioa.
Denok espero dugun unera hurbiltzen gaituzte urrats hauek: konponbiderako mahaia eratuta eta lanean egongo denerako unera. Urteetan zain egon gareneko argazkia. Mahai bat, non aktore desberdinak eserita egongo diren negoziaketa luze bati ekiteko gogoarekin. Zaila, baina ahal dugun leku guztietan eta ahal dugun pertsona guztiekin saiatuko gara.
Martin Aranburu, EAko zuzendaritzako kidea
Jatorria: Martin Aranburu