Era berean, Eusko Alkartasuneko buruzagiak presoen sakabanaketa politikarekin amaitzeko esan dio Espainiako presidenteari.
EAko presidente Begoña Erraztik eta Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok bilera egin zuten Moncloa jauregian. Gatazka bukatzeko, «beste gobernuek egin duten bezala», ETArekin biltzeko moduak bilatzeko eskatu zion Erraztik Zapaterori.
Sei urte igaro dira Eusko Alkartasuna azken aldiz Moncloara gonbidatu zutenetik. Atzo aurreneko aldiz izan zen jauregian Begoña Errazti alderdiko presidentea, eta ia bi orduz egon zen Rodriguez Zapaterorekin. «Begirunearekin» mintzatu ziren eta solasaldia «atsegina» izan zela aipatu zuen Erraztik bileraren amaieran. Bi politikarien mintzagai nagusia euskal gatazka izan zen. EAko presidenteak «euskal gatazka konpontzeko bideak» aurkitzeko eskatu zion Zapaterori.
Erraztik gogoratu zuen PPko gobernua ere bildu zela ETArekin, eta gatazkaren bat dagoenean gobernuak irtenbideak aurkitzera behartuta daudela nabarmendu zuen. «Gatazkari ezinbestean behin betiko irtenbidea aurkitu behar dio Espainiako Gobernuak, ETArengana hurbilduz», azpimarratu zuen EAko presidenteak.
Era berean, presoen sakabanaketa politika amaitzeko eskatu zion Eusko Alkartasuneko buruzagiak Zapaterori. «Presoen auzia askoz ere zailagoa den gatazka baten barruan dago, euskal gatazkaren barruan», esan zuen.
Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren inguruan ere ez ziren bat etorri bi politikariak, baina EAEn 2005ean egitekoak diren hauteskundeen emaitzek «aldaketa sakonak» ekar ditzaketela iragarri zuen Erraztik. EAko buruzagiaren irudiko, egungo egoera «funtsezkoa da beste trantsizio bat aurrera eramateko». Madrilgo gobernuak hasiko duen estatuaren aldaketan «estaturik gabeko nazioen existentzia, hizkuntza eskubideak eta herritarren erabakitzeko gaitasuna» onartzeko eskatu zion Erraztik Zapaterori.
Autogobernua indartzeko eta Navalen eta Kupoaren auziak konpontzeko ere eskatu zion EAko presidenteak Espainiako gobernuburuari. Autogobernua eta Gernikako Estatutua indartzeko prest azaldu zen Espainiako presidentea, baina Ibarretxeren proposamena ez duela onartzen berretsi zuen.
Jatorria: Begoña Errazti