“Erregearen mezuak ez du kontuan hartzen elkarrizketa behar dela arazoaren sustraiei eta ondoriei aurre egiteko”, salatu du Juanjo Agirrezabalak.Krisi ekonomikoari dagokionez ere, kritikatu du EAko ordezkariak, “konponbideak bilatu ordez, sakrifizioak eskatzen dizkie betikoei, gutxien dutenei”.

Juanjo Agirrezabalak etsipena azaldu du espainiar erregearen Gabonetako mezuarekin, bere iritziz, “Juan Carlos I-ak aukera ezin hobea alferrik galdu baitu Estatu-gizona dela erakusteko”; izan ere, “ez du inolako aipamenik egin euskal gatazka politikoaren konponbideari eta indarkeriaren ondorioei heltzeko elkarrizketaren eta negoziazioaren beharraz”.

EAko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, “Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berri honetan alde guztiok dugu konponbiderako prozesua elikatzeko ardura eta obligazioa, baina, antza denez, espainiar erregeak eskema horretatik kanpo darrai eta ez ditu kontuan hartzen berak ordezkatzen duen Estatuari prozesu horretan dagozkion eginkizunak”.Ildo horri jarraituz, erantsi du Agirrezabalak, “eraginkorra izan dadin, prozesuak alde guztiek urratsak ematea behar du, baina Juan Carlos I-ak norabide bakarrean eskatzen du”.

“Krisi ekonomikoarekin berdin egin du gainera”, kritikatu du EAko ordezkariak, “egoera kaskar honen errudunak identifikatu eta irtenbideak bilatu beharrean, sakrifizioak baino ez dizkie eskatzen betikoei, alegia, gutxien dutenei”.

Azkenik, Koronaren aldeko erregearen aldarrikapena adierazgarria dela uste du Agirrezabalak, “Errege Etxean dagoen kezka agerian utzi baitu; gizartea Monarkiatik gero eta urrunago dagoela ikusten ari dira eta hori, Eusko Alkartasunarentzat, ikuspegi errepublikazalea dugun neurrian, oso albiste ona da zalantzarik gabe”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA