Alderdi independentistak euskal gehiengo sindikalak deitutako grebarekin bat egiten du eta lanpostu egonkorrak sortzeko politikak eta politika fiskal progresiboak martxan jartzeko beharra azpimarratu du.

EA M-21eko greba orokorraren aurrean

Eusko Alkartasunak bat egiten du ELAk, LABek eta beste hainbat sindikatuk hil honen 21erako deitu duten greba orokorrarekin:

1. Langabeziaren hazkundea geldiarazi eta lanpostu egonkorrak sortzeko politikak exijitu behar direlako, batik bat emakumeek eta gazteek pairatzen duten prekarietateari aurre egiteko.

2. Politika fiskal progresiboak bultzatu behar direlako, baita inbertsio publikoa eta garapen iraunkorra sustatuko duten politika ekonomiko sektorialak ere.

3. Aurrerapenerako politika sozialak sustatu behar direlako, krisialdi ekonomikoaren ondorio latzak ez daitezen euskal langileen bizkar gainean erori eta gizarte bazterkeria -eta are gutxiago pobrezia- ez dadin zabaldu.

4. Sindikatuei eta gizarte eragile guztiei dagokien lekua eman behar zaielako krisiaren aurkako politikak eztabaidatu eta erabakitzen diren guneetan.

5. EAk hilaren 21eko greba orokorrean langileek bat egitearen alde egiten du, askatasuna errespetatuz eta elkartasunean oinarrituz, orain arte bezala lan harremanen marko propioa eratzearen aldeko borrokan jarrai dezagun.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna