Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea gaur ospatu den Osoko Bilkuran gizarte-aurreikuspen osagarriko sistemei buruzko ekimen baten inguruan hitz egin du.
Leire Pinedok “gizarte segurantzaren sistema propioa defendatu du, euskal gizartearen mesederako, Estatuko sistemak ez baitie bizitza duina bermatzen hainbat eta hainbat pentsioduni”.
“Estatuaren eskumeneko pentsio-sistema publikoaz ari gara, Moncloako gobernuaren esku dagoena, eta urteak daramatzana erreforma-fasean, XXI. mendeko erronka handietara egokitzeko. Erreforma hori ez da konponketa txikietatik pasatzen”, adierazi du, eta salatu du “oraindik egiturazko arazoak dituela”.
“Euskal erakundeek inolako eskumenik ez duten sistemaz ari gara, eta, beraz, euskal herritarrak babesteko eta bizitza duinak bermatzeko funtsezko lan horretan, euskal erakundeek ez dituzte tresna guztiak eskura. Badirudi transferentzia hori Estatuko gobernuak egin beharreko transferentzien agendan dagoela, baina oraindik zain gaude”, adierazi du. Zentzu horretan, Leire Pinedok azpimarratu du “gure herriarentzat oinarrizkoa dela eskumen hori izatea”.