629 bizitza (beste 7 bidean daude) jokoan.
629 pertsona hil ala bizi.
629 itxaropen itsasoan itotzear.

Italiak ateak itxi dizkio Aquarius itsasontziari, eta Frantziak ez ikusiarena egin du.
Espainiak aurpegia zuritu nahi izan dio burua geroz eta lurperatuagoa duen Europar Batasunari, eta horrela, Europar Batzordeko presidente Jean Claude Junckerrek ongietorri beroa egingo dio Sanchezi espainiar gobernuburu gisa.

Europako estatuek ez diote emigratu, exiliatu eta errefuxiatuen gaiari heldu nahi, eta era berean ez dute nahi Europar Batasunak horren inguruko eskumenak hartzerik. Han dabiltza, ez egurra ebaki, ez aizkora eman. Segurtasun eta defentsan jarri dute lehentasuna, eta FRONTEX mugak “zaintzen” dituen programara milioiak eta milioiak bideratzen dituzte. “Erabakirik hartu nahi ez denean, dirua jarri” lemapean ari dira gobernatzen Europako estatuak.

Aldiz, Europan estaturik ez dugun naziook antipodetan dagoen jarrera eta joera dugu. Frantziar estatuari gailenduz, Kortsikako Lehendakari Gilles Simeonik eskaini dio Mugarik Gabeko Medikuen itsasontzi Aquariusi Mediterraneoko irla hura lur hartzeko.
Valentziako Lehendakari Monica Oltra, Cataluniako President Torra, Nafarroako Uxue Barkos… arin azaldu dira prest hil ala biziko egoeran dagoen jende hori hartu, artatu, eta bizitza duina ematen saiatzeko.

Eta Eusko Jaurlaritza? Urkulluren epeltasunean, beharretan daudenen %10a hartuko dituela erabaki du. Ez da lehenbizi ikusi zer behar duten, zein baliabide ditugun, nola egingo den banaketa, beste Lurraldeetan nola ari diren antolatzen… Ez; Jaurlaritzak %10 eta listo.

Zer den gero bizitza; dena duenak ezer ez du eman nahi.
Ezer ez duenak dena eskaintzen duen bitartean.
aquarius
Eskumenak, boterea eta erabakiak hartzeko ahalmena duten estatuek ez dituzte eskumenak erabiltzen, boterea “beraien” lurretan atzerritarrik ez sartzen uzteko erabiltzen dute (gogoratu gaitezen, kontzertinez, itsasoan zeudela Guardia Zibilak tiroz hildakoez, deportazio express-ez), eta erabakiak hartzen dituzte tapoi gisa erabiltzen dituzten estatuekin, Turkia edo Libia kasu, ordaindu eta denbora batez “bakea” izan dezagun gai honekin.

Izaera ere ukatzen diguten nazioek ostera, elkartasuna dugu gure arma, eta Giza Eskubideak oinarri. Inor ez dela ilegala badakigu, ilegala behar lukeena egoera anker hau denean.

Euskal Herria harrera Herria da, gu ere historian zehar hainbatetan hartu gaituztenei esker ikasia. Eta badakigu ere elkartasunari mugak ezin zaizkiola ezarri. Migrazioak geroz eta gehiago emango diren fenomenoa da. Bada garaia egoera honi konponbide politikoa emateko, eta epe motz, ertain eta luzerako neurriak har ditzagun. Gure buruak, herriak eta baliabideak ate joka dugun errealitatera ireki behar ditugu; ez guzti horren %10a soilik, Urkullu jauna!
Euskal Herri justu batek mundu duinagoa osatuko baitu, eta mundu justuago batek, Euskal Herria duina.