Konponbide politikoa behar duen gatazka politikoaren existentzia azpimarratu du Pello Urizarrek Aieteko Adierazpena Bruselan aurkezteko egin den ekitaldian

Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Bruselan egindako hitzaldia.

Euskal Herriko egungo egoera politikoak bake iraunkorra lortzeko eta, bide soilik demokratikoen bitartez marko juridiko-politikoa euskal gizartearen gehiengoaren nahiari egokituz, euskal gatazka konpontzeko oinarriak ezartzea ahalbidetzen du. Azkeneko urteotan euskal gizarteak zalantzarik gabeko apustua egin du bakearen alde eta jada gaindituta dagoen marko politikoa aldatzearen alde. Herritarrak dira protagonistak, eta beraiek dira eragile politikoak, sindikalak eta sozialak prozesu politikoa burutzera bultzatzen ari direnak.

Azkeneko urtea funtsezkoa izan da gure herriaren historian: Aieteko Adierazpena, Eusko Alkartasunaren betiko tesi politikoekin bat egiten duena, alegia; ETA erakunde armatuaren jardueraren behin betiko amaiera, eta gizarteak hauteskundeetan babestu duen eta hainbat instituziotan gobernatzen duen independentziaren aldeko mugimenduaren egituraketa mugarri garrantzitsuak izan dira prozesu politikoa sendotzeko.

Gizarteak jakin badaki egoera hau atzeraezina dela, bakeari zein eskubide politikoei dagokienean, baina beharrezkoa da egoera berri honetan sakontzea eta neurri juridiko-politikoen bidez instituzionalizatzea.

Gauzak horrela, gure kezka nagusia frantziar eta espainiar gobernuei antzematen zaizkien inmobilismo zantzuak dira. Horregatik, Aieteko Adierazpena aldarrikatzeaz gainera, Eusko Alkartasunak Sarkozyri zein Rajoyri ETArekin hitz egiteko eskatzen die arazo teknikoez mintza daitezen, hau da, presoei eta desarmeari buruz.

Bakegintzak espainiar eta frantziar gobernuetako kideek eta ETAko ordezkariek eratutako mahai tekniko baten beharra du, desarmea ahalbidetzeko eta ehunka preso eta erbesteratuei konponbide demokratikoa emateko. Jakina, paraleloan prozesu bati heldu beharko zaio gatazka politikoak eragindako biktima guztiei eta indarkeria guztien errealitateari, inolako salbuespenik gabe, aitortza eta erreparazioa eskaintzeko. Izan ere, gizartearen adiskidetzea aurre egin behar diogun erronka nagusietariko bat dugu.

Dena dela, nabarmendu behar dut ETAren amaierarekin ez dela gatazka politikoa amaitzen. Gatazka politikoa ETA sortu aurretik ere bazen, eta bizirik jarraitzen du ETAren bukaeraren ondoren. Askotan ukatua izan den arren, abiapuntua errealitate ukaezina da: euskal gatazka gatazka politikoa da eta, beraz, konponbideak politikoa behar du izan. Ondorioz, Eusko Alkartasunak politikan -maiuskulaz idatzita- murgiltzea proposatzen du. Ez dago jada horrela ez egiteko aitzakiarik.

Behin betiko normalizazioa marko juridiko-politikoak euskal gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat egiten duenean iritsiko da. Hau da, normalizazioa lortuko da marko legalak -legedia- gizartearen helburu politiko zilegiak islatzen dituen heinean -normaltasuna-.

Euskal Herriaren etorkizunari buruzko erabakia euskal gizartearen eta bere ordezkari zilegien eskuetan dago, alderdi politikoen eskuetan, bazterketarik gabe. Haiek izango dira marko juridiko-politiko berria ezarriko dutenak, espainiar Estatuarekiko elkarrizketa eta akordio prozesu baten bidez. Marko hori herritarrek babestu ahal izango dute hautestontzietan, eta bere muga bakarra gizartearen borondatea izango da, independentzia ere aukera bat izanda.

Horretarako mahai politiko bat eratu beharko da, Aieteko Adierazpenak ere eskatzen duen moduan, eta bertan hautabide guztiek, inolako betorik edo bazterketarik gabe, izango dute dagokien ordezkaritza. Elkarrizketak eta adostasuna lortzeko prozesuak Mitchell Printzipioetan ezarritako konpromisoei jarraituko diete.

Mahai horretan lortzen den akordioa bozketara eraman beharko da gizarteak onartu ahal izan dezan. Hor dago Erresuma Batuko adibidea: SNPko gure kideek independentziari buruzko kontsulta bat egitea proposatu dute, eta Britainia Handian naturaltasun osoz onartzen dute Eskozia eskoziarrek erabakitzen dutena bakarrik izango dela. Edo Kanada: han Gorte Gorenak doktrina ezarri zuen, eta Quebec-ekin sezesioa negoziatzera eta hitzartzera behartzen du Gobernu Federala, Quebec-eko gehienek hala eskatuz gero.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna