Agirrezabalak kritikatu du Jaurlaritzak Espainiako Itzulirako dirua baduela, baina ez gure selekzioarentzat. Legez besteko proposamen bat aurkeztu du euskal selekzioen alde, gure selekzioek Euskadiko irudia nazioartean zabaltzeko duten balioa aitortu eta goraipatzearen alde.
Juanjo Agirrezabalak Euskadiko futbol eta saskibaloi federazioei diruz laguntzera dei egin dio Eusko Jaurlaritzari, euskal selekzio horiek datozen hilabeteotan atzerrian jokatu beharreko partidek eragingo dituzten gastuei aurre egin ahal izan dezaten. Federazioek Gobernuaren laguntza ekonomikoa eskatu dute horretarako, baina erantzuna ezezkoa izan da, gutxienez futbol federazioari emandakoa, gaur bertan Legebiltzarrean Blanca Urgell Kultura sailburuak berretsi duenez, EAko bozeramaileak egindako galdera baten harira.
Agirrezabalak salatu du “Jaurlaritzak baduela dirua Espainiako Itzulia eta espainiar saskibaloi selekzioaren txapelketa bat finantzatzeko, baina ez, ordea, euskal selekzioari laguntzeko”. PSEren eta PPren “gogo espainolizatzailea” kritikatu du horren ondorioz, eta “euskal kirol selekzioek Euskadi mundu osoan zehar ezagutarazteko eta gure herriaren irudi positibo bat emateko egiten duten lanaren balioa” aldarrikatu du. Beraz, ondorioztatu du, “Gobernuak gure selekzioak babestu behar ditu atzerrira ateratzen direnean”.
Hori dela eta, Agirrezabalak legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur bertan Legebiltzarrean. Batetik, euskal kirol selekzioek Euskadiren irudia nazioartean zabaltzeko egiten duten lana Legebiltzarrak berak aitortu eta goraipa dezala eskatzen du EAk; bestetik, Jaurlaritzak futbol eta saskibaloi selekzioei lagun diezaiela, atzerrian jokatu behar dituzten partidei begira.
Jatorria: Eusko Alkartasuna