Bixintxo Bilbao zoriondu du alderdiak, inolaz ere zigorra merezi ez duen keinuarengatik
Podiumera ikurriñarekin igotzeagatik Bixintxo Bilbao pilotariari jarri eta kendu zaion zigorra baloratu du Eusko Alkartasunak. Kirolaria zoriondu du Eusko Alkartasunak, “naturala bezain aldarrikapenekoa den keinuarengatik, izan ere argi utzi baitu txapelketetan inposatutako federazio eta banderarekin aritzen dela, ez dituela bereak sentitzen”. Gizartearen gehiengoaren nahiari kasu egin eta euskal kirol federazioen alde lan egitera deia egin die kirol federazioei alderdi independentistak.
Kirol federazioek hartzen dituzten erabaki asko politikoak direla gogoratu du EAk, horiek, beste erakunde batzuk bezala diplomaziaren botere bigunaren parte baitira. “Marko politikoak onartu edo ez, kirol selekzioak aldarrikatu edo ez, eskaera horiek nazioarteko mailara eramatea edo ez… horiek guztiak erabaki politikoak dira”. Horregatik, “erabaki politiko horiek jendartearen gehiengoak nahi duenarekin bat egitea da logikoena”.
Zentzu horretan, Euskal Herriari kirol selekzioak ukatzea ere erabaki politikoa dela gogoratu du Eusko Alkartasunak. “Estaturik gabeko beste nazio batzuen kasuan posible dena ukatzen zaigu, Gales, Eskozia edo Ipar Irlandako kasuetan normaltasunez onartzen dena. Erabaki horiek jendartearen nahiarekin bat egiten dute”, laburbildu du Eusko Alkartasunak: Arazoari konponbidea emateko bidea “euskal kirol selekzioak ofizialtzea” dela da, “horrela, kirolariek beren nortasunaren aurka egin gabe jokatu ahal izango dute”.