SUBIRANOTASUN PROPOSAMENA (Jatorrizko dokumentua PDF formatuan, 128 Kb) 1.- SARRERA

2.- GAUR EGUNGO AUTOGOBERNU EREDUAREN AGORTZEA

      Autogobernu itunaren debaluazio eta ezbetetzea

      Egiturazko defizit demokratikoak

3.- AKORDIO POLITIKO BATERAKO PROZEDURA

4.- MARKO BERRI BATERANZKO TRANSITOA

   I.- PROIEKTU POLITIKOA

      Bide demokratikoak eta autodeterminazio eskubidea

      Euskal Errepublika bat Europan

      Euskalherria eta beraren botereak marko berri batean

   II.- ESTRATEGIA POLITIKOA

      Prozesu irekia, adostua eta ez traumatikoa

      Aukeran ditugun bide desberdinak

   III.- TRANSITO GARAIAN ERAKUNDE BERRIAK

      EAE-NFK Dieta

      EAE-NFK Kontseilua

      Hegoalde-Iparralde kooperazio organua

      Udalbiltza

—————————————————————

1.- SARRERA

Eusko Alkartasunak, beraren sorreratik, euskal gatazka deritzonari konponbide justu eta demokratiko bat emateko oinarrizko printzipio hauen aldeko jarrera azaldu du: inor baztertu gabeko elkarrizketa eta negoziazioa, ideien aniztasuna errespetatuz, eta gure gizartearen erabakien onarpena; hau guztia funtsezko premisa batetik abiatuz: giza eskubideekiko errespetu zintzoa, eta beraz, indarkeria adierazpen ororen amaiera.

Hau dela eta, EAk 1998ko irailaren 12an Lizarra-Garaziko Adierazpenean, urte askotan eta batzutan bakardade zailean defendatutako beraren proposamenen islada argia aurkitu zuen. Honela, euskal herritar gehienok, adierazpen horretan azaldutako asmoak, diagnostikoa, metodologia eta edukin demokratikoak gauzatuz jarraipena eman nahi diogun aro historiko bati hasiera ematen zitzaiola iritzi zion EAk.

Agiri hartan euskal gehiengo politiko eta sozialak egiten zuen analisiak, eta aldi berean euskal gatazkari konponbidea emateko metodotzat hartzen zenak, gaur egun ere balioa dauka, eta agiri hau sinatu genuenok norabide egokian garatzeko konpromisoa hartu genuen. Hau da, indarkeria adierazpen ororen deuseztean aurrera eginez eta edukin demokratikoetan eta Euskalherriaren eskubideetan sakonduz, giza eskubide indibidual eta kolektiboen aitorpen eta errespetuan oinarritutako bake iraunkorra finkatzea lortu ahal izateko.

Lizarra-Garaziko Adierazpenaren edukinak garatuz, 1999ko abenduaren 2an, adierazpenarekiko gure apostua berretsi genuen eta konpromisoa hartu genuen, gizarteari deia eginez, elkarbizitza politikorako marko berri bat bultzatzeko, gure herriaren errealitate anitzaren araberakoa eta Euskalherriko emakume zein gizonen borondatearen onarpenean oinarritua izango dena (akordioaren 5. puntua).

Eusko Alkartasuna tinko eta leial ari da Adierazpen honetan adostutakoa bultzatzen eta orain, azken lau urteetan landu eta monografia, ponentzia eta hauteskunde programetan jasotako proposamen politiko ezberdinen bilduma bat aurkezten dio euskal gizarteari, hori bai, ahaztu gabe Lizarra-Garaziko akordio itxaropentsuaren zein Udalbiltza bezalako erakunde baten iraupenak, eta gure planteamenduaren aurrerabideak, akordio honi argi eman zioten baldintzak eskatzen dituztela, hau da: indarkeriarik gabeko giroa eta bide politikoen aldeko apostu sendoa, zeinak bere gauzatzea izan zuen alderdi abertzaleen arteko legebiltzar-akordio historikoan.

Agiri honek ondokoa garatzen du:

1) Egungo autogobernu markoaren agortzearen inguruko analisia, beraren egiturazko muga demokratikoak zein azken hogei urteetan izan duen izaera-gabetze eta ezbetetzea azpimarratuz.

2) Akordiorako proposamen bat, alderdi guztiei zuzendua, prozesu politiko bati hasiera eman ahal izateko, indarkeriarik gabeko giro iraunkor batean, euskal herritarron erabakitzeko subiranotasunarekiko errespetuan oinarritutako artikulazio politiko eta elkarbizitza marko berri baterantz eramango gaituena, hain zuzen.

3) Eusko Alkartasunak Euskalherrirako defendatzen duen subiranotasun politikorako proposamenaren, hauxe pausoka lortzeko bideen eta horretarako bultzatu nahi dituen erakundeen azalpena.

2.- GAUR EGUNGO AUTOGOBERNU EREDUAREN AGORTZEA

Autogobernu itunaren debaluazio eta ezbetetzea

Autogobernuaren euskarri legal eta formal gisa duela hogei urte baino gehiago itundu zen Estatutu markoa ez zaigu nahikoa iruditzen, nahiz eta beraren garaian gure Herriak zituen premia larrienei emandako erantzunik onena eta arduratsuena izan, eta negoziatu behar izan zenean zegoen atzerakada politikorako arrisku nabariaren aurrean aurkitutako irteera errealista bakarra izan. Gainera, doktrinaren ikuspuntutik, Euskalherriaren eskubide historikoak bai eta nazionalitate printzipioa eta Nafarroarekin komunitate natural bat osatzeko printzipioa gorde zituen, Nafarroako lurraldearen eskubide berdina adierazi zuenean euskal nazio proiektu batean parte hartu ahal izateko.

Estatutu markoa nahikoa ez dela esan dugu eta honi lotu behar zaio azken bi hamarkadetan jasan izan duen debaluazioa, beraren edukin materialetan etengabe pairatutako galerak izan dituelarik, eta hau beraren interpretazioan eta aplikazioan eman diren erasoen bitartez. Eraso hauek hiru bidetatik gertatu dira:

a) Gorte Nagusiek gure eskumenei eraso eginez promulgatu dituzten oinarrizko legeen bitartez.

b) Auzitegi Konstituzionalaren interpretazio eta epaien bitartez, autogobernu itunaren edukin eta izpiritua murriztuz beraren aplikazio orduan.

d) Europako zuzenbidearen harrera-formulen bitartez, Europako erakundeetan zuzenean partehartzeko kontraprestazioa jaso gabe eskumen propioen zesioa egiten denean, honela, gure erakundeei legokien negoziazio eta kogestio boterea Estatuari itzuliz.

Itundutako autogobernuaren edukiari eta izpirituari egindako eraso hauei, egin gabe dauden transferentzien salaketa gehitu behar diegu. Beraren onarpenetik hogei urte igaro ondoren, Estatuko Gobernuari konpromisoak bete ditzala eskatzen jarraitzen dugu. Konpromiso hauek, EAEren kasuan, transferitu gabe dauden berrogei eskumenetan gauzatzen dira, horietako asko funtsezkoak direlarik gure herriaren etorkizunerako eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko. Eskaera hau dagoeneko gure hauteskunde-programetako atal iraunkor bihurtu da.

Bereziki kezkagarriak dira guretzat arlo sozio-laboralean eman diren ezbetetzeak. Hauen bloke edo mami nagusia bete barik dago oraindik (Enplegurako politika aktibo eta pasiboak, Gizarte Segurantzaren Errejimen Ekonomikoa, etab.) honela, enplegu egonkorra sortzeko, gizonezko eta emakumezkoen artean dagoen desoreka konpontzeko, lan orduak murrizteko, lan harremanetarako marko autonomorako… eta abarrerako ezinbestekoak diren neurri propioen aplikazioa eragotziz. Azken finean, neurri hauek gure arazo larrienetakoa den langabeziaren konponbidean modu zuzenean eta bitartekorik gabe eragina izango luketen politikak areagotzea ahalbidetuko ligukete.

Eusko Legebiltzarrak 1993 eta 1995 urteetan, transferentzia hauek zein oraindik egiteko dauden Azpiegitura, Mailegu Publiko, Justizia, Industria eta Ikerketa Zientifiko eta Tekniko arloetakoak, aintzat hartu eta onartu zituen, eta gainera lehentasuna eman zien. Hala ere, Espainiako Gobernuak, itundutako marko honekiko eta gure erakundeen borondatearekiko jarrera desleiala izan du eta horretan darrai.

Gakoa ez datza, beraz, Autogobernuaren ezbetetze zehatzetan, honen larritasuna kuantitatiboki zein kualitatiboki itzela izanda ere, baizik eta orain dela hogei urte autogobernua martxan jartzea lortu zuen ituna bi aldeetako batek ez duela bete, eta debaluatu eta erlatibizatu egin duela borondate politikorik izan ez duelako. Itun politiko haren oinarri izandako kontzepzioetako asko, batez ere euskal izaera nazionalaren berezitasun historiko eta politikoa desnaturalizatu eta gero, ondorio bezala esan dezakegu gaur egun Estatutuen markoa politikoki agortua dagoela eta beraz, euskaldunon gehiengo baten nahiak asetzeko baliozko tresna izateari utzi diola.

Honez gain, gogoratu beharra dago, Estatutua bera bere Xedapen Gehigarri bakarraren bidez, autogobernuaren aurrerabidea azalduz bukatzen dela, bertan adierazten baita egungo autonomia errejimena onartzeak ez dakarrela Euskalherriari historiaren ondorioz legozkiokeen eskubideei uko egitea.

Honela, Eusko Alkartasunatik, marko politiko berri baterako transitoa lantzen dugun bitartean, Gernikako Estatutuaren eta Amejoramendu Legearen edukinak erabat bete daitezela exijitzen jarraituko dugu, izan ere, gure helburuekiko norabidean aurrerapausuak diren neurrian, gure helmuga puntura hurbiltzen joango garelako, eskatzen dugun marko aldaketa askoz ere errazagoa bihurtuz.

Zentzu honetan, subiranotasunaren aldeko euskal indar guztien ekintza politikoa, orain arte berau egin ez duten indar soberanistena barne, jarraian datozen aldarrikapenetara ere zuzendu beharko litzateke:

- Euskal izaera bereiziaren onarpena eta geureak ditugun eskumenen tratamenduan uniformetasunerako joera duten interpretazioak gaitzestea.

- Gure marko autonomikoen letraren arabera egiteko dauden edukin guztien berehalako transferentzia osoa.

- Geureak ditugun eskumenetan eragina duten edo hauek murrizten dituzten oinarrizko lege deiturikoak aldatu edo/eta indargabetzea.

- Senatuaren zereginari dagokionean Konstituzioa aldatzea.

- Auzitegi Konstituzionalaren prozedurak eta osaera aldatzea.

- Ezadostasunen interpretazio politikoa, eskumenen inguruko gatazkak saihestuz.

- Estatuko hizkuntza ofizial guztiak erakunde-esparru guztietan legez eta benetan parekatzea.

- Estaturik gabeko nazioek Europako Erakundeetan presentzia zuzena izatea.

- Kontzertu eta Konbenio Ekonomikoentzat, Europako Batasuneko gainontzeko Estatu kideen errejimen fiskalek duten tratu eta maila bera onartzea.

Hala ere, alderdi guzti hauei praktikan era pozgarri baten konponbidea emateak eta, batez ere, Estatuaren sare legal guztia berregiteak suposatzen duen zailtasunak, egungo gure markoaren aldaketa proposatzeko logika indartzen du.

Iparraldeari dagokionez, ezinbestekoa da egungo errealitatetik abiatuko den planteamendu bat egitea: hau da, ez dugu herri legez gure izatearen inolako lege onarpenik, eta ondorioz, ez dugu autogobernurako erakunde propiorik. Euskal Departamendu bat lortzetik abiatuta, -aldarrikapen hau Iparraldeko herritarren gehiengoak egiten du bere-, pausoz pauso aurrera joango den bide bat defendatzen dugu, erabaki politikorako marko autonomo bat garatzeko Frantziako Estatuko euskal herritarrek bultzatu behar dutena.

Egiturazko defizit demokratikoak

Alderdi guztiek, Estatu mailakoak barne, aldarrikatzen dute -dialektikoki behintzat- egungo marko politikoa aldatzera bideratutako edozein proposamenen zilegitasuna, beti ere herritarren borondatearen errespetuan oinarrituta badago eta edonolako indarkeriak babesten ez badu. Zentzu honetan, Espainiar eta Frantziar estatuen marko konstituzionalak euskaldunon erabaki aske bati trabak jartzen dizkiotela ikusi ahal izan dugu euskal abertzaletasunetik, esaterako autodeterminazio eskubidearen zilegizko erreibindikazioekin.

Eztabaida honi, alde batetik, Espainiako Estatuaren kasuan, eta Herriaren barne egituraketari dagokionean ere, ez zitzaion erabateko konponbiderik eman ´transizio demokratikoa´ deritzon aldian. Orduan, pragmatismoak eta erantzunkizun politikoak egoera horrek agertzen zituen premiarik larrienei erantzutea gomendatzen zuen, eta gaur egun, bizi dugun une historiko honetan, berreskuratu beharreko eztabaida bat dela uste dugu. Bestalde, Frantziako Estatuaren kasuan oraindik ez zaio lan horri ekin eta are gutxiago beraren marko juridikoan jaso.

Euskal foru eskubide historikoen konstituzioaurreko eta lehentasunezko izaera jasoko duen Konstituzio bien interpretazio bat onartzen ez den bitartean -edo NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Itunaren zein Herrien determinazio askeari buruz beraren Batzar Nagusian egindako Deklarazioen aplikazio zuzena onartzen ez den bitartean-, ez da egonen euskal lurraldeek euren errejimen politikoa eta beste lurralde batzurekin ezarri nahi dituzten harremanak modu askean erabakitzeko duten eskubidea errespetatzen duen biderik.

Horrela bakarrik gaindituko lirateke, Estatuaren batasun banaezina edo subiranotasuna espainiar zein frantziar herrietan datzala bezalako printzipioak zehazki ezartzen dituzten xedapenak, autonomi erkidegoak elkarrekin federatzeko duten debekua (ezinbesteko gaia hau Euskalherriaren lurralde osotasunari dagokionez konponbide bateratzaile bat aurkitu ahal izateko), Iparraldean eta Nafarroako zati zabal batean euskararen ofizialtasun onarpen eza edo erreferendumak deitzeko ahalmenik eza.

3.- AKORDIO POLITIKO BATERAKO PROZEDURA

Euskaldunon erabaki aske baterako gaur egun diren muga hauek eta dauden beste batzuk kontuan izanik, egungo euskal autogobernu markoa zabaltzea ezinbestekoa dela deritzoten hainbat hiritar sektoreren uste sendoa ikusiz, eta edozein aldarrikapen-ekintza herritarren borondatearen errespetuan eta inolako indarkeriarik izango ez den giroan oinarritutako bide demokratikoen bitartez burutzearen beharra kontutan hartuz, Eusko Alkartasunak zera adierazten du:

1.- Hauteskunde bidezko jatorria duen egungo marko autonomikotik eta beraren erakundeetatik beste marko batera igarotzea, edozein kasutan, zilegitasuna modu berean hauteskunde bidez lortuko duten proposamenen bitartez burutu beharko da.

2.- Hauteskunde bidez gehiengoaren babesa izateagatik zilegitasuna lortzen duen proposamen orok gauzatu ahal izateko bide legal bat izan beharko du. Estatu espainiarrak zein frantziarrak zenbait proposamen sartu ahal izateko, autodeterminazio eskubidea kasu, euren konstituzio testuak zabaltzea erabakitzen ez badute, euskal herritarrok geure eskubide historikoen konstituzioaurreko izaera aldarrikatu beharko genuke, eta azkenik, hau ere onartuko ez balitz, geure eskubideen alde bateko deklarazioa burutu beharko genuke erakunde propioetan.

3.- Honetan oinarriturik, EAK ONDOKO EKIMENA PROPOSATZEN DIE Euskalherriaren borondate demokratikoaren errespetuan oinarritutako status juridiko-politiko berri bat, inolako mugarik gabe eta inor alde batera utzi gabe, ezein indarkeria adierazpenik gabeko edo jarrera inposatzailerik gabeko giro batean premiaz lortzea ezinbestekoa dela jotzen duten alderdi guztiei:

1.- Negoziazio prozesu bat irekitzea, non euskaldun denontzat izango den elkarbizitza marko baten inguruan ordezkari diren alderdi gehienek hartutako erabakiak jasoko diren.

2.- Negoziazio hau, gure ustez, egungo marko autonomikoaren balizko erreforma bati irekia egon beharko litzateke, eta, beste ekarpen batzuen artean ondokoak jaso beharko ditu:

I.- Autodeterminazio eskubidea.

II.- Euskal Lurralde Historikoek euren artean egoki deritzoten harremanak ezartzeko akordioak gauzatzeko ahalmena, euren arteko federazioa barne.

III.- Euskal erakundeek binkulanteak izango diren erreferendumak deitzeko ahalmena.

IV.- Etorkizuneko Euskal Konstituzio Kartan, Euskalherriko Estatu bien hiritarrei aitortzea eskubide berak dituztela euskal hiritartasuna lortzeko aukera egiteko.

V.- Esparru politiko bakoitzeko hiritarren borondatea errespetatuz, Iparralde eta Hegoaldeko lurraldeen arteko bateratze politika baten bultzada.

3.- Alderdiek konpromisoa hartuko dute, proposamen hauekin zein beste batzurekin adostuko den akordioa hurrengo hauteskunde programetan konpromiso zehatz eta funtsezko gisa planteatzeko, baita eztabaidapen publikorako dinamika sendo bat zabaltzeko, hitzarmenaren onarpen soziala lortzeko.

4.- Programa bakoitzean esplizituki azaldutako konpromisoak gizarte gehiengo baten babesa jasoko balu datozen hauteskundeetan, 2004-2008 legegintzaldian gauzatu egin beharko litzateke negoziazio prozesu baten bidez, non eskubide historikoen konstituzioaurreko eta lehentasunezko izaera onartuko den, bai Konstituzioaren erreforma beraren bidez, edo, akordioa ezinezkoa balitz, Herri beraren erakundeen erabakiaren bidez.

5.- Akordioa sinatzen duten alderdiek, hein berean, indarkeria adierazpen ororen aurka (bereziki edozein proposamen politiko aldarrikatzeko asmoa duena), baldintzarik gabe eta modu argian agertzeko konpromisoa hartuko dute, bai negoziazio prozesuak irauten duen artean bai negoziazioan parte hartu duten alderdien gehiengoak onartutako akordioak garatzen ari direnean ere.

4.- MARKO BERRI BATERANZKO TRANSITOA

1.- PROIEKTU POLITIKOA

Bide demokratikoak eta autodeterminazio eskubidea

Eusko Alkartasunak Euskal Estatu bateratu bat eraikitzeko helburua bide bakezko eta demokratikoen bidez lortu nahi du. Indarkeriaren aurkakoa da beraz, eta pertsonaren duintasunaren eta giza eskubideen aurkako edozein ekintza politiko gaitzesten du, oinarrizko errespetu horiek beraren helburu politikoen gainetik ezarriz. Lehenik pertsona, eta haren zerbitzura, ideiak.

Oinarrizko printzipio horietatik abiatuta EAk ez du baztertzen beraren helburu politikoak lortzeko bide bakar bat ere, gizarteak ezartzen duen mailaketari jarraituz. Ez du baztertzen, beraz, gehiengo demokratikoak hala erabakitzen badu, egungo marko juridikoan sakontzea edota eskubide historikoen garapena, ezta Estatu ereduaren erreforma edo negoziazio politikoa ere. Hala eta guztiz ere, prozedurarik egokiena nazioarteko mailan aldarrikatutako autodeterminazio eskubidea jotzen dugu; horrela beraz ondokoa adierazten dugu:

A) Euskalherria autodeterminazio eskubidearen subjektua eta jabea da, eta horren arabera, erabakitzeko eskubidea, botere konstituziogile propioa, barne errejimen politiko, sozial eta ekonomikoa eta beste herriekin duen erlazioa erabakitzeko burujabetasuna dagokio.

B) Eskubide hori onartzeko negoziazio politikoa, konstituzioaren erreforma ala, bestela, subiranotasuna unilateralki aldarrikatzea proposatzen dugu.

D) Herritarrei dagokie eskubideaz baliatzea, eta horretarako geure erakundeek hiritartasunaren autodefinizio proiektu bat planteatuko dute.

E) Autodeterminazio eskubidea Euskalherri osoari eta kokatuta dagoen lurralde osoari dagokio, Iparraldean eta Hegoaldean bizi diren errealitate soziologikoari beraz. Eskubidea, Nafarroako, Iparraldeko eta EAEko herritarrek eskatzen duten neurrian erabiliko da, herritar hauen eskubidea baita hartaz baliatzea. Hau da, titulartasun kolektiboa onartzen dugu, eta autodeterminazio eskubideaz libreki eta demokratikoki baliatzeko aukera.

Euskal Errepublika bat Europan

Eusko Alkartasunak beti egin dio uko zalantzagarritasunari eta bere sorreratik Euskalherriak Estatu propio bat sortzeko duen autodeterminazio eskubidea eta europear proiektu federal batetan murgilduta beste Herri eta Estatuekin loturak ezartzeko borondatea aldarrikatu ditu.

Autodeterminazio eskubideak barneko eta kanpoko antolamendu politikoari buruzko aldarrikapenak baldin baditu, bi interesen arteko bereizketa egin beharko da.

A) Barne autodeterminazioari edo Euskalherriaren barne erregimen politikoaren itxurari buruzko erabakiari dagokionez, EAk Errepublika moduko Zuzenbidezko Estatu Sozial eta Demokratikoa sortzearen aldekoa dela adierazten du, beraren forma politikoa, federala edo ia konfederala izan daitekeelarik, barne konfigurazioa eta aintzindari historikoak ikusirik.

B) Kanpo autodeterminazioari dagokionez, EAk Estatu independentea lortu nahi duela berresten du. Elkartze librea, integrazioa, agregazioa, eta abar bezalako beste aukeren aurrean, independentziaren alde agertzen da, zentzu europar eta modernoari eutsiz.

EAk ´Independentzia Europan´ lortu nahi du, eta XXI. mendeko testuinguru politikoaren barneko estatutasun modernoa defendatzen du, hori baita interes ekonomiko eta sektorialak babesteko berme bakarra. Exijentzia hau ez da erretorika politiko hutsa, izan ere Kontzertu Ekonomikoaren inguruko azken gertakariek bi gauza gutxienez frogatu baitituzte: geure ahots propioa behar dugula Europan eta Espainiako Estatua ez dela orain, inoiz izan ez den bezala, gure babesle edo defendatzailerik onena.

Europaren integrazio-prozesuan gauden honetan Estatu Independente baten errebindikazioa zaharkitutako helburua dela diotenen kritikak ezagutzen ditugu. Baina guk ez dugu joan den mendeko eredu zaharkiturik proposatzen, kontzeptuak eta errealitateak eguneratu besterik ez dugu egin nahi. Dakigunez, ez dago Estatu bakar bat ere Europar Batasun osoan beraren nortasuna edo independentzia alde batera utzi duenik. Beste kontu bat da Estatuek aldaketa sakonak jasan izana.

Hain zuzen ere, Europar integrazioaren ondorioz Estatuaren kontzeptzio klasikoa krisialdian da gaur egun (europar hiritartasuna, mugen desagertzea, konpetentzi politiko, ekonomiko, militar, monetarioen zesioa…), baina honek ez du esan nahi Estatuak desagertuko direnik. Hala eta guztiz ere, ´Estatuetaz´ hitz egiten jarraitzen badugu, etzaio beste inolako esanahirik eman behar gure Estatu baterako aldarrikapenari, krisialdian dagoena Estatu tradizionala baita, ez Estatua, bera delako, oraindik ere, europear eraikuntzaren oinarria ´Estatuen Europa´ formulapean.

Horrela beraz, guztiz legitimoa eta egungoa da Euskalherriak proiektu europarraren ildoan beraren Estatu propioa lortzeko nahiari eustea, Europako hiritartasunarekin batera hiritartasun propioa izanik, gure lurralde propioaren jabe izanik mugen desagerpena gertatzen ari denean, eta botere eratzaile propio automugatu batekin, hain zuzen ere Europako Batasunaren barruan ezartzen diren mugak negoziatuz eta, gure borondatez, onartuz.

Euskalherria eta beraren botereak marko berri batean

Euskalherriak, nazio legez, Estatu moderno baten ezaugarri diren botere propioak izan behar ditu. Pertsonen eta ondasunen zirkulazio askeak Europar Batasuneko mugen desagerketaren ondorioz, Euro txanpon amankomunaren inplantazioak eta Estatu-Nazioaren definizio historikoaren hainbat faktoreren aldaketak, euskaldunok ere behartzen gaitu europear marko berri horretan gure burua eta oinarritzat hartuko ditugun botereak berdefinitzera.

Ondorioz, Euskalherria ondoko botere hauetan oinarritu behar da:

a) Legegilea.- Eskumen legegileak dituzten erakundeek, hauek gaitasun osoarekin izan beharko dituzte, legitimoki eta demokratikoki izenpetzen diren nazioarteko itun, hitzarmen edo tratatuen eta Europako Batasunaren zuzentarau eta erregelamenduen muga bakarrarekin.

Euskalherriak beraren elkarbizitza-esparrua eratzeko eskubidea du, ondoko oinarri hauekin:

- euskal espazio sozioekonomikoa

- lan-harremanen eta gizarte-babeserako euskal esparrua, gizarte- eta lan-alorrean legeak egin eta exekutatzeko eskumen osoarekin

- erregimen eta burujabetasun ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa, Europako Batasuneko beste edozein erregimen ekonomiko eta fiskalek baldintza-berdintasunean onartua

- Funtzio Publiko propioa, Administrazio Publikoen zerbitzura dagoen pertsonalaren erregulazioa, maila gorenetik udaletxeetaraino, bere esku egonik

- hezkuntza-sistema propioa

- nazioarteko esparruan, kultur alorrean, kirol arloan eta abarretan ordezkaritza propioaz parte hartzeko eskubidea

- euskaldunon partehartze zuzena Europako Batasunean, subiranotasuna elkarbanatzea egoki dela deritzogun arloetan

b) Betearazlea.- Erakunde legegileen aginduei erantzuteko, Euskalherriaren zuzendaritza politikoa aurrera eramateko eta aurrekontu propioak eta Europako Batasunekoak zehatz-mehatz betetzeko gai izango den organo betearazlea.

d) Judiziala.- herri demokratiko orok botere judiziala du legeak eta jurisdikzio desberdinetan herritarren eskubideak betetzen direla ziurtatzeko. Elkarbizitza-esparru berrian, Euskalherriak botere judizial propioa izan behar du, zuzenbide sustantibo eta prozesal propioa aplikatzeko ahalmena, eta baita Europako Batasunean indarrean den zuzenbidea aplikatzeko ahalmena ere.

Prozesu irekia, adostua eta ez traumatikoa

Autodeterminazio eskubidearen izaera basiko eta demokratikoak, euskaldun guztientzat irekia den eraikuntza nazional baterako konpromisoak -non euskaldun guztiek lekua izango duten-, eta batez ere gure proiektu politikoa bide baketsu, adostu eta ez traumatikoetatik aurrera eramateko beharrak, prozesu honetan partehartzeko gonbitea indar politiko guztiei luzatzera behartzen gaitu, beraien obedientzia edozein izanda ere. Horretarako ondokoa egiten saiatuko gara:

· Akordioetan parte-hartzea handitzen, alderdi politiko guztiekin elkarrizketa bultzatuz.

· Negoziazio politikoa lantzen, autodeterminaziorako bidea erraztuko duen itun handi bat lortzeko

· Ahal den neurrian, bloke politikoak eta frentismoak ekiditen

· Gure asmo zilegiek Europan eta Nazioartean harrera hobea izan dezaten, barneko zein kanpoko edozein laguntza mota jasotzen

Beraz, autodeterminazio estrategian gizartearentzat traumatikoa ez den bide batez eta gizarteraren atxekimendu maila handiena lortuz bide baketsu eta eraginkorretatik aurreratu gura badugu ahaleginak sendotu behar ditugu negoziazio eta akordio giro bat ezarri ahal izateko.

Desberdinatsunak ez dira eskubidearen inguruan azaldu behar, proiektuen inguruan baizik. Zentzu honetan, paradigmatikoa da Quebec-en kasua, non independentzia, subiranotasuna, elkartze askea edo Kanadarekin batzearen inguruan desberdintasunak zeuden, baina inongo alderdi politikok ez zuen eskubidea zalantzan jartzen eta denek errefrenduma onartu zuten. Kanadako Auzitegi Gorenak berak, 1998ko abuztuko sententzian, Quebec-en aukera independentista erabat zilegikotzat eta konstituzionaltzat jo zuen.

Aukeran ditugun bide desberdinak

Gaur egungo estatutu-erregimena gaindituz, autodeterminaziora bideratutako pauso eraginkorrak emateko unea dela uste dugu, hori bai, aurrerapauso guztietan alderdi politiko guztiek indarkeria-mota oro baztertzen dutela azaldu beharko dutelarik.

XIX. mendea Foruen Abolizioaren mendea izan zelarik eta XX. Mendea Autonomismoarena, XXI.ak autodeterminazioarena izan behar du subiranotasuna eta independentzia lortu ahal izateko. Helburu hau lortzeko oinarriak ondokoak izanik: herriaren borondatearekiko errespetua, gardentasuna, erakundeen protagonismoa, ahal den integraziorik handiena lortzea eta gizarte-hausturak saihestea, badira hainbat bide, jarraian azaltzen ditugunak:

1) Gaur egungo ordenamendu juridikoan sakontzea.

2) Negoziazio politikoa eta Espainiako Konstituzioaren zeharkako erreforma.

3) Eskubidea espreski onartzea

4) Euskal Lege bidezko Subiranotasun Aldarrikapena

Epe motzera, EAren estrategia lehendabizi gaur egungo marko juridikoaren sakontzean datza. Paraleloki, negoziazio politikoaren ondorioz eta Konstituzioaren eta Estatutoaren Xedapen Gehigarrien aukera interpretatiboei esker gure eskubideen onarpen faktikoa lortzea. Hala eta guztiz ere, denboraldi batean, legealdi batean alegia, emaitza positiborik lortzen ez bada eta negoziazio politikoaren bideak agortzen badira, Lege bidez Subiranotasun aldarrikapen bat egitera behartuak geundeke, NBEren Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Itunen eta Herrien determinazio askerako eskubideari buruzko Biltzar Nagusiaren Aldarrikapenen babesean, azken hauek, paradojikoki, Espainia zein Frantziako Estatuek berretsi dituztenak.

EAk ezinbestekotzat jotzen du neurri hau bake giro batean ematea, bortizkea adierazpen guztien gabeziaz, eta alderdi guztien arteko minimoen akordio batetan oinarrituta.

Subiranotasun aldarrikapen honen ondorio lirateke:

· Eskubidea erabiltzen hastea, Estatuak eskubidea aintzat hartu edo onartu baino lehen. Dakigun bezala, autodeterminazioaren lehen edukia Herri gisa baieztatzea edo subiranotasun aldarrikapena egitea da.

· Espainiako ordenamendu juridikoan dagoen kontraesana nabarmentzea,, agindu batzuen indarrez autodeterminazio eskubidea onartzen baitu, eta beste batzuen arabera Herri batzuei ukatzen baitie, Euskalherriari adibidez, zeina gutxiengo etnikotzat hartzen baitu.

· Neurri honek gatazka konstituzionala sortaraziko luke eta Auzitegi Konstituzionalaz gain nazioarteko organoek ere parte hartu beharko lukete, nazioarteko itunak ezin baitira Estatuen barneko Zuzenbideko irizpideen arabera bakarrik interpretatu.

III.- TRANSITO GARAIAN ERAKUNDE BERRIAK

EAk, Estatutuak berak beraren Xedapen Gehigarrian egiten duen bezalaxe, argi eta garbi adierazten du egungo erakunde-erregimena onartzeak ez dakarrela Euskalherriaren beste zenbait eskubideri uko egitea, eskubide hauek ´historikoak´, ´autogobernu-erreserba´, ´burujabetasuna´ edo beste edozein adierazpenekin izendatuz. Beraz, eta are gehiago trantsizio-prozesu batean, ez ditu hausturaren aldeko jarrerak bultzatuko. Beraren jarrerak egungo autogobernu-maila handitzearen aldekoak izango dira, geure nazio- eta politika-eraikuntza propioak lortzeko.

Euskalherria Iparraldeak eta Hegoaldeak osatutako lurralde gisa burujabetasuna lortzeko trantsizio- eta bideratze-ildo honi jarraiki, eta gaur egun duguna abiapuntutzat hartuz, baliteke denbora jakin batean erakunde-dualtasuna egotea, batez ere Hego Euskadin, egungo Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren organo eta erakundeen eta nazio-kontzientzia sendotzeko aukera emango duten beste maila batzuen artean, bigarren hauek jadanik daudenak bat-batean ordezkatuko ez dituztelarik. Iparraldean, Euskal Departamendua sortzea, gaur egun euskaldunontzat lehentasunezko eta premiazko helburua da, izan ere, oraingo egoeran ez baitugu gure interes politiko, ekonomiko eta kulturalak defendatzeko tresna oinarrizkoenik ere.

Eusko Alkartasunak egitura kuasi-konfederal baten sorkuntza defendatzen du, gaur egun Euskalherria osatzen duten hiru esparru sozio-politikoen errespetutik abiatuta – E.A.E., Nafarroa eta Iparraldea- gure Herriak behar duen kohesio politiko, sozioekonomiko eta kulturala finkatzen joateko eta lurralde batasun handiago batera mailaka eramango gaituen bide bat zabaldu ahal izateko. Hau burutzeko, esparru bakoitzeko herritarren borondatea une historiko bakoitzean errespetatuko duen mailakako prozesu bat ahalbidetuko litzateke, honela errealitate bihurtzen joateko gaur egun dugun markotik marko berri batera igarotzea.

Horretarako, ondoko egituren sorkuntza eta indartzea defendatzen dugu:

EAE-NFK Dieta: Erakundeek bultzatua eta Eusko eta Foru Legebiltzarretako ordezkaritza parekide batek osatuko duena. Organo legegile honek erabakiak elkarrekin hartzeko berdintasunarekin jardungo du eta adosten diren gai guztien gainean eskumena eta ahalmena izango du.

EAE-NFK Kontseilua: Dieta, amankomuneko egitura legegile legez, aiurri administratibo-betearazleko erakunde-organo batez dotatuko da, Kontseilu deitua eta Nafarroako eta E.A.E.-ko betearazleetako delegatuez paritarioki osatua. Erakunde-organu hau, berdintasun eta koerabakitze egoera oso batean, adosten diren gaiei buruz jarraibideak, akordioak eta gomendioak ezartzeko eta Europar esparru komunitarioan ikerketak eta azterlanak bultzatzeko eskumena izango ditu.

´Dieta´ Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritarrek berretsi beharko dute, erreferendum ezberdinen bitartez.

Hegoalde-Iparralde kooperazio organua: organu honen lurralde esparrua Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoaz osatuta legoke, eta beraren funtzioak amankomuneko interes bat dagoen gaietan elkarrekin politikak zehaztea eta garatzea litzateke. Besteak beste honako gaiak leudeke:

- Kultura, hizkuntza politika eta hedabideak.

- Hezkuntza.

- Gai ekonomiko, tributario eta administratiboak.

- Industrial, merkatal eta turismo garapena.

- Nekazaritza eta ingurugiroa.

- Lurralde antolamendua eta azpiegiturak.

- Osasun gaiak.

- Segurantza eta hiri babesa.

- Kanpo harremanak…

Udalbiltza : Udal oinarria duen Euskal erakunde nazionala izanik, hautetsiak eta udalak bertan borondatez egonik, beraren iharduera eta funtzionamendua honako gaietara zuzenduko da:

- Euskalherria nazio legez esistitzen dela baieztatu.

- Euskalherriaren egituratze politikoa lagundu, beraren lurraldetasuna ezagutzera emanez eta euskal lurraldeetako udal ordezkariak marko bakar batean biltzeko helburuaz.

- Euskalherriaren eraikuntza nazionala bultzatu, prozesu dinamiko eta demokratiko legez ulertua eta euskal hiritar guztien erabaki eta partehartze askean oinarritua.

- Lurralde guztietako udalerrien arteko harreman eraikitzailean sakontzea, udal ordezkarien ekintza kontzertatu bat bideratuz hizkuntza, kultura, kirola, ingurugiroa, lurraldearen antolakuntza, garapen ekonomikoa, gizarte ongizatea… bezalako gaietan.

- Nazioarte mailan, Euskalherriaren esistentzia nazio aske eta desberdin bezala eta Europaren eratze-prozesuan zein beraren erakundeetan ekiteko euskal borondatea isladatzea.

Jatorria: Eusko Alkartasuna