Espainiar estatuko aurrekontuen negoziaketaren harira, hizkuntza -hizkuntzak- politikaren erdigunean kokaturik iritsi zaigu Euskararen Nazioarteko Eguna. Madrilgo Gobernuak behar dituen botoen jabe EH Bilduk eta Esquerrak euskararen eta katalanaren aldarrikapen aktiboa egin dugu negoziaketetan, hizkuntzak nazio eraikuntzan duen garrantzia azpimarratuz.

ETB 3 Nafarroa osoan piztu ahal izango da datorren urtea amaitu baino lehen, EH Bildu eta espainiar Gobernuaren arteko negoziaketari esker, eta horrek independentismoarentzat hizkuntza noraino den garrantzitsua erakusten du. Horixe bera erakusten du ere akordio honek piztu duen haserreak.

Haurrak dira gizartearen etorkizuna, baita euskararen etorkizuna ere. Horregatik da horren iraultzailea (edo horren arriskutsua, nondik begiratzen den) umeei euskara eskura jartzea. Hare gehiago eremu ez formaletan -eskola eta, oro har, hezkuntza sistematik at- eskura jartzen bazaie. Euskara aisialdirako tresna ere badela ikusi eta ikasiko dute umeek. Bereziki garrantzitsua da hori inguru erdaldunetan bizi diren haurren kasuan, zaila izaten delako euskaraz aritzeko aukera izatea, baita eskolan ere, eta hare gehiago aisialdian.

Euskara, eta katalana, museoan gordetzeko apustua egiten dutenek zalapartaka dabiltza lingua navarrorum hutsez emititzen duen katea Nafarroan ikusteko aukera izateagatik. Horien aiton-amonak barre inozoak egiten zituzten ETBn lehen aldiz western-ak euskaraz ikusi eta indioak Aitorren hizkuntz zaharrean entzuteagatik, gazteleraz egitea naturala balitz bezala. Gutxi aldatu dute mentalitatea ordutik.

Zeinen iraultzailea izan daitekeen haurrek Doraemon euskaraz entzun ahal izatea edo neguko igande arratsaldean Netflixen serie bat katalanez ikusi ahal izatea, etorkizuneko euskal hiztunen testuingurua indartzen badu. Eta, Madrilgo Gobernuaren sentsibilitate aldaketa bat, txikia eta komenientziagatik izan arren, erakusten badu.

A3

“Euskara, jalgi hadi plazara”, zioen Bernat Etxepareren kontrapasak XVI mendean. Pantailara jalgi dadila XXI.ean. Eta handik, gizartearen alor guztietara, orduan bai ibiliko delako mundu guztira!