Bat egiten du Kontseiluak deitutako azaroaren 4ko manifestazioarekin
Eusko Alkartasunak euskararen aurkako kanpaina judiziala berehala amaitzeko eskatu du. Hiru hilabetean hizkuntza-arloko politika publikoen aurka emandako bigarren epaia ezagutu berri ondoren, alderdiak oso larritzat jotzen du egoera. Era berean VOXen salaketa kontuan hartzen duen erabakiaren aurrean Eusko Jaurlaritzak iragarritako errekurtsoa babesten du.
Iban Asenjo Euskara, Hezkuntza eta Kulturako idazkaria ziur dago ez gaudela kasualitateen edo gertaera bakartuen aurrean. “Kalean lortu ezin dutena epaiaren bidez jasotzeko plana da, euskara baztertzeko eta gure hizkuntzaren aldeko urratsak ez emateko helburuarekin hain zuzen ere. Nolanahi ere, euskara da gure hizkuntza, bertakoa eta egoera diglosikoan dagoen hizkuntza, eta euskal gizarteak gogotsu adierazi du euskaraz ere bizi nahi duela eta horretarako eskubide osoa dugula”, adierazi du.
Alde horretatik, Asenjok azpimarratu du euskararen sustapenari eta normalizazioari egindako eraso hauek pertsonen oinarrizko eskubideak erasotzen dituztela, eta “hizkuntza-politika berri hauek, mugatuak izan arren, garatzen dutela euskal hiztunen autonomia eta berau mugatu nahi dutela, badakitelako aurrerapausoak eman ditzaketelako euskararen alde eta espainiar nazionalismo zaharkitua arriskuan ikusten dutelako”. EAko Euskara idazkariarentzat, “onartezina da, orain dela gutxi ezagutu dugun epai berri honen kasuan, Espainiako ultra eskuinaren fobien mesedetara udal autonomia erasotzea”.
Ildo horretatik, jakinarazi du Eusko Alkartasuna datorren azaroaren 4an Bilbon Kontseiluak deitutako manifestazioan egongo dela, euskaraz bizitzeko eskubidea eta euskararen aurkako eraso judiziala bertan behera uzteko aldarrikatzeko. Gainera, ideologia edozein dela ere, euskal herritar guztiak animatu ditu deialdia babestera.