Eusko Alkartasunaren ordezkaritza batek parte hartuko du bihar, martxoak 11, Terrorismoaren Biktimen Europako eguna (2004an Madrilgo atentatuaren ostean izendatutako eguna) oroitarazteko Gasteizen Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian.
Eusko Alkartasunak argi dauka biktima guztiak omendu behar direla, eta elkarbizitza sustatzeko ezinbestekoa dela biktima guztien memoria landuko duten omenaldiak antolatzea, batzuen eta besteen arteko arrakala handiagotzearen ordez.
Horregatik, “Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz” lelopean, Eusko Jaurlaritzak prestatu duen omenaldian egongo da Eusko Alkartasuna, biolentzia guztia bidegabea izan dela sinistuak gaudelako, biktimarioa nor izan den begiratu gabe.
Eusko Alkartasunak biolentzia denen biktima guztiak omenduko dituen egun baten beharra aldarrikatzen du, biktima guztiek, inolako berezitasunik gabe, bere mina eta bidegabekeria aitortuta sentituko duten eguna: yihadismoa, ETA, GAL, BVE, polizia terrorismoa…, inor bazterrean utziko ez duena eta inor baztertua sentiaraziko ez duena. Guztion artean Euskal Herriaren memoria kolektiboa eraiki behar da, erreparazioa denok jaso dezagun eta justizia denon artean banatu dezagun.
Jaurlaritzak orain bi urtetik antolatzen duen ekitaldia erratua dagoela uste du Eusko Alkartasunak. Terrorismoaren Biktimen Europako eguna izanda ere, fokoa ez du Europan gertatzen diren atentatu terrorista ezberdinetan jartzen eta Euskal Herrian azken mende erdian sufritutako biolentziei erreferentzia egiten dio, baina alderdi eta erakundeen arteko adostasunak bilatu eta biktimen zauriak ixteko baliatu beharrean, biktimen arteko ezberdintasunak mantentzen ditu.
Eusko Jaurlaritzak hitzetatik ekintzetara pasatu behar da: bigarren mailako biktimarik ez dagoela uste badu, ideia hori bere praktikara eraman behar du eta ezin du ekitaldi bat planteatu gizartearen zati batek bere burua hortik kanpo sentituko duela jakinda. Azken urteotan euskal gatazkaren alorrean ez du aurrerapauso ausartik eman Eusko Jaurlaritzak. Bakegintzan tinko lan egiteko konpromisoa hartu du jada Euskal Herriak, orain erakundeei dagokie. Hurrengo legegintzaldira begira, kolektibo zein alderdi politikoak euskal gatazkaren behin betiko konponbidean bidaide izateko prest dago Eusko Alkartasuna.