ETAk herriaren borondateari muzin egiten diola salatu du Eusko Alkartasunak
ETAk berriz ere muzin egin dio jarduera armatua behin betiko bertan behera utzi dezala exijitzen dion euskal gizartearen gehiengoaren borondateari. Bere agiriak ETA errealitatetik kanpo eta bakar-bakarrik dagoela erakusten du. ETAk jakin badaki Euskal Herriak bere jarduera arbuiatzen duela eta bere desagerpena baino ez duela nahi.
Indarkeriaren erabateko gaitzespena adierazteaz gain, ETA alderdi espainolisten tresna politikorik onena bilakatu dela salatu nahi du Eusko Alkartasunak, erakunde horrek eragindako sufrimendua erabiltzen baitute Euskal Herriaren nazio eskubideak ukatzeko.
ETAk gogoeta egin eta desagertzera eramango duen prozesu bat hasi beharko luke, armak utziz eta, batez ere, Euskal Herriari bere etorkizuna askatasunez eta edozein motatako tutoretza armaturik gabe erabakitzen utziz.
Jatorria: Eusko Alkartasuna