“Lurraldeak aldaketa bat behar du EAJk elikatzen duen bezero-sarea eta ustelkeriarekin betiko amaitzeko” dio Goñik
Eusko Alkartasuna maiatzeko udal eta foro hauteskundeetarako begira Bizkairako duen eskaintza politikoa borobiltzen dabil egunotan. Era berean, EH Bilduren zerrendak osatzeko proposatuko duen taldea ixten dago. “Proiektu erakargarri bat daukagu herritar guztientzat, eta EH Bilduren zerrendak aberasten dituzten profil pertsonal interesgarriak baita ere” laburbildu du Eusko Alkartasunaren Bizkaiko koordinatzailea den Rakel Goñik.
EAJren bezero-sareari eta legegintzaldi honetan agerian geratu diren ustelkeria-kasuei erreferentzia zuzena eginez “Aldundiaren alfonbrak astindu behar dira eta aire freskoa sartzeko leihoak ireki behar dira ezinbestean” Goñiren esanetan. “Lurraldeko erakunde guztiak bizkaitar guztien zerbitzura egon behar dira, eta ez EAJren eta haren lagunen zerbitzura”, gehitu du.
“Eusko Alkartasunaren eredua aukera eta lehia-berdintasunena da. Jeltzaleena berriz, pribilegio publikoena. Guk behintzat argi daukagu gure lurralderako lehena nahi dugula”, amaitu du Goñik.