EH Bilduren hautagaitzaren baitan, Eusko Alkartasuna ordezkatuko duten emakume eta gizonak aukeratzeko prozesua abian dago
Eusko Alkartasuna buru belarri dabil herri, hiriburu, Batzar Nagusi, Nafarroako parlamentu eta Europar parlamenturako aurkeztuko dituen hautagaitzak prestatzen, betiere EH Bilduren zerrendaren baitan. Gauzak horrela, barne prozesu partehartzailea ireki du alderdi sozialdemokratak, afiliatu eta gertukoek izenak proposatu ditzaten beraien herri eta lurraldetarako, zein europar parlamenturako.
Gazte Abertzaleak erakundearekin duen hitzarmen baten bidez, hautagai gazteen presentzia ere bermatuko da zerrenda hauetan.
Denborak eta prozedurak ez dira berdinak izango zerrenda guztientzat. Hala, jada hasi dira herri zein hiriburu ezberdinetan izenak jasotzeko prozesuak, eta urtarrilaren 24ra arte luzatuko da izenak eta CVak aurkezteko epea. Behin aurkeztutako izen guztiak jasota, EA ordezkatuko duten emakume eta gizonak Kontseilu Nazionalak proposatuko dizkio Nazio Batzarrari, eta honen berrespenarekin Euskal Herria Bilduko zerrendetan sartuko lirateke.
Iker Ruiz de Egino bozeramaileak hurrengoa adierazi du: “Eusko Alkartasunan badago esperientzia instituzional askodun jendea, eta baita herri mugimendu ezberdinei lotutako pertsona asko. Jakintza eta gogoak uztartu nahi ditugu prozesu parte hartzaile honen bidez, baina batez ere, bere herrian edota lurraldean erakundeetatik Herrigintza landu nahi duten guztiak gonbidatzen ditugu prozesuan parte hartzera. Aniztasuna, jakinduria, lan egiteko gogoa eta euskal herriei ekarpena egiteko asmoa duten emakume eta gizonak behar ditugu herrigintzatik Estatugintzara pausoa emateko”.