- Talde abertzaleak hurrengo erronka politikoei buruz eztabaidatuko du hurrengo ikasturte politikoari hasiera emateko
Eusko Alkartasunak 37 urte beteko ditu datorren astelehenean, irailak 4. Efemeridea ospatzeko mahai-ingurua antolatu du Gasteizko egoitzan, eta bertan alderdiaren berehalako erronkei buruz eztabaidatuko da.
Sei hizlari egongo dira honakoan. Idurre Bideguren, senataria Madrilen, Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea, Lorena Lopez de Lacalle, Nazioarteko Harremanen Idazkaria, Xebe Txoperena, Nafarroako parlamentaria, Lore Martinez Axpe, Legebiltzarkidea, eta Jokin Melida, Gipuzkoan batzarkidea. Gonbidatuek solasaldia sustatzeko denbora mugatuarekin galdera zehatz batzuei erantzun beharko diete, eta hortik aurrera publikoak hitza hartzeko aukera izango du.
Ekitaldia amaitzeko, Idazkari Nagusia, Eba Blancok hartuko du hitza, eta ikasturte politiko berriari hasiera emango dio.
“Harro egotekoa da afiliazioarekin batera 37 urte bete ahal izatea eta Gasteizen ospatzea, hain zuzen ere duela ia lau hamarkada jaio ginen tokian”, aurreratu du Blancok. “Batzuek eta besteek askotan gu lurperatzen saiatu dira, baina begira, hemen gaude beste behin ere eta jo ta ke jarraituko dugu, oraindik gauza garrantzitsuak baititugu euskal gizarteari esateko”, azaldu du. Ondoren, hauxe gehitu du agintariak: “ziklo politiko berri honetan gure proiektua oso ondo kokatuta dago hauteskundeetan EH Bilduren emaitzek erakusten duten bezala. Beraz indartsu ateratzen gara politika egitera, gainera erkidegoko hauteskundeak gertu ditugula kontutan izanda”.