Eusko Alkartasunak atxikimendu osoa adierazi dio larunbat honetan, Donostian, arratsaldeko 17:30ean, izango den erraustegiaren aurkako manifestazioari. Eusko Alkartasunak bat egiten du EAJ-PSEren Foru Gobernuak aurrera eraman nahi duen erraustegiaren aurka altxatu den gizarte-mugimenduarekin. Alderdi abertzaleak azpimarratu duenez, Gipuzkoan “gehiengo sozial eta sindikal anitza” agertu da proiektuaren aurka. Zentzu honetan, EAk Foru Aldundiari eskatu dio gai honekin “gizarte hausturan ez sakontzeko” eta guztion artean “irtenbide adostua” bila dezan.
EAren ustez errauskailua hondakinen aferari erantzuna emateko “iraganeko teknologia da, birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren kontra doan apustua, gainera”. Modu berean, alderdiak gogoratu du, orain dela gutxi, Europako Parlamentuak Ekonomia Zirkularraren aldeko posizioa adostu duela eta, ondorioz, hondakinen kudeaketan “murrizketa, berziklapena eta berrerabiltzea” direla “lehenesten diren ildoak”. “Europak markatzen digun norabide horretan, errauskailua oztopo argia da”, esan du EAk.
Eta erraustegiaren aurrean, zer? Eusko Alkartasunaren ustez, badaude adibideak Euskal Herritik atera gabe. Nafarroan, esaterako, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemosek babesten duten Gobernuak errauskailua baztertu du eta onartutako hondakinen plan berriak azpiegitura malguagoak, merkeagoak eta ingurumenaren zein osasunarekin errespetuzkoak direnak aurreikusten ditu.
Estatu mailan ere, PSOEk berak babesten dituen zenbait eredu ere aurkitu daitezela baieztatu du EAk: Valentzian, Mallorkan eta Asturiasen, besteak beste, erraustegi proiektuak baztertu dituzte beste alterbatiben alde: hondakinen sailkapen handiagoa, konposta eta TMB instalazioak, esaterako.