Aldebiko elkarrizketarako bideak dira akordiorako azken aukera, Kataluniako prozesu subiranista nazioartera joan aurretik

Diadarako antolatutako ekitaldietan parte hartuko du bihar Eusko Alkartasunak. Hastear diren negoziaketetan jarritako itxaropenek markatuta ospatuko da aurtengo Diada. Eba Blanco, Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusia, eta Iria Epalza, Komunikazio idazkaria, izango dira ekitaldi instituzionaletan eta erakunde independentistek antolatutakoetan.

Eusko Alkartasunarekin harreman estua duen Esquerra Republicana de Catalunyak Estatuarekiko Negoziazio Mahaia deitzen dio “elkarrizketa mahaia” deitutakoari, Marta Rovira idazkari nagusiak proposatuta. Kataluniako herritarrek beren etorkizuna askatasunean erabakitzeko duten eskubidea errespetatuko duen esparrua adosteko Estatuak duen azken aukera da Mahaia, Eusko Alkartasunaren iritziz.

Kataluniako ordezkaritzak Estatuarekin hitz egiteko bide guztiak agortzen baditu, gizartearen nahiak beteko dituen esparrua adostea lortu gabe, erabat zilegi izango da independentziaren aldeko gehiengoarentzat subiranotasunaren aldeko prozesua nazioartean bultzatzea, betiere herritarren babesarekin.

Aurten, Kataluniako Gobernuak Diadarako antolatutako ekitaldiek Pau Casalsen figura izango dute ardatz; Kataluniako gizartearen aniztasuna azpimarratu eta erbesteak herrialdearen historian izan duen garrantzia aitortu nahi dute horrela. Aniztasun hori sinbolizatzeko aukeratutako elementua hosto ezberdinez osatutako zuhaitza da. Euskal herritarrek oso gertukoa dute ikur hori, eta Eusko Alkartasunari Nestor Basterretxea alderdikidearen eskultura gogorarazten dio.

Aipatzekoa da, hiru urteren ondoren, urriaren 1aren ondorioz espetxeratutako politikariak eta ordezkari sozialak Kataluniaren Eguneko ekitaldietan izango direla. Azken edizioetako dinamikari jarraituz, unionismoak ez du ekitaldi guztietan parte hartuko, eta, zehazki, Estatuak errepresaliatutako pertsonak aitortzeko programatutako ekitaldira joateari uko egin dio.
kartela