“Ajuria Eneko Ituna berregitera bidean pausorik ez” duela babestuko agertu du Eusko Alkartasunak, izan ere, alderdi honen arabera, “Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzeko huts egin duten formulak dira”. ANVk gutxiengoa izanik udalean agintea duen tokietan EAJk eta PSE-Eek adostutako zentsura mozioak aurkezteko akordioari buruz mintzatu da Unai Ziarretaren alderdia.
EAk ohar bidez jakinarazi duenez, atzo Iruñean batzarra egin zuen bere alderdiko zuzendaritzak “formula horietara bueltatzeko prest dauden alderdi politikoak daudela” agerikoa dela ikusi du.
Horren harira, Eusko Alkartasunak zenbait aspektu ekarri ditu gogora, besteak beste, “PSOEren Gobernua elkarrizketarako aukeretatik aldendu eta PPrekiko hurbildu izana” aipatu du. Horrez gain, EAJk eta PSE-EEk “proposamenak adostu eta ondoren gainerako alderdi politikoei aurkezteko” eurek bakarrik egindako “bi aldetako bilerak” aipatu ditu.
EAren arabera, “Ajuria Enea berri bat ekarriko duen bide bat egiten hasi diren susmoa daukagu, indarkeriaren bukaerara begira benetako alternatibak eskaini gabe bazterketa politikoa besterik bilatzen ez duen Terrorismoaren aurkako Itun berri bat”.
“Nirekin edo nire kontra maximalismoek postulatu jakin batzuk hitzez hitz onartzen ez dituzten alderdi politikoen bazterketan bukatzen dira”, agertu du EAk.
Hori dela eta, alderdiak “elkarrizketaren eta alderdi guztien arteko akordioa” defendatu du “normalizazio politikoa eta baketzea” lortzeko bide bakar gisa.
Jatorria: Unai Ziarreta