Eusko Alkartasunak gogor gaitzetsi du bart Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusiaren etxean egindako erasoa. Era berean, alderdi sozialdemokratak elkartasuna adierazi dio Mendiari, bere familiari eta alderdi politikoari. Ordezkari politiko baten aurkako erasoa demokraziaren eta gizarte osoaren askatasunaren aurkako eraso zuzena da.

Eusko Alkartasunak azpimarratu duenez, “Euskal Herriko azken urteetako historia kontuan izanda, atzo gauekoa bezalako gertaerak onartezinak dira, segurtasun eza eta desafekzioa sortzeaz gain, gaindituta uste eta nahi ditugun garai ilunetara garamatzatelako.Gertaera hauek ez dute inoiz zentzurik izan, are gutxiago orain”.

“Gizarte gisa, ezin dugu onartu presoen eskubideak ukatzen jarraitzea, eta arlo horretan lanean ari gara hainbat estamentutatik, aurrerapausoak ematen, baita Alderdi Sozialistarekin ere. Era berean, ez dugu onartuko inor bere etxe barruko bizitza pribatuari eraso egingo dioten beldurrez bizitzea, zergatik eta politika egiteagatik”, gaineratu du alderdi sozialdemokratak.

EAk, gainera, egileen helburuen inguruko zalantzak azaldu ditu: “Garai honetan, inork ezin du pentsatu pinturarekin eta beldurra sortuz helburu politiko bati laguntzen diola”.