EbaBlanco

 

 

 

 

 

 

 

Eusko Alkartasunak Itsas Gudari Eguna ospatu zuen martxoaren 6an Bermeon, eta bertan omenaldia egin zitzaien 1937ko martxoaren 5ean, duela 85 urte izandako Matxitxakoko batailako itsas gudariei. Ekitaldian lore eskaintza egin zen Nestor Basterretxearen eskulturan, eta ekitaldi politiko bat egin zen, non Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak eta Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak parte hartu zuten.

 “Gogoan ditugu Kantauriko uretan gure askatasunaren alde borrokan euren bizitza utzi zutenak”, adierazi zuen Eba Blancok. “Gogoan ditugu faxismoaren aurka borrokatu ziren gudariak, baita gure lurraldea utzi behar izan zuten erbesteratuak ere. Gogoan ditugu jazarriak izan ziren guztiak, diktadurak zapaldu eta hil zituenak”.

Eba Blancok azpimarratu zuen “erronka politiko garrantzitsu asko” ditugula “epe labur eta ertainera”. Ildo horretan, mundu mailan gerra bat bizi dugula gogorarazi zuen, “Errusiaren partetik esku-hartze militar bat, Ukranian ondorio suntsitzaileak ekarriko dituena zalantzarik gabe”. Horren aurrean, “Eusko Alkartasunatik bide baketsu eta diplomatikoen aldeko apustua” egiten dugula gogorarazi zuen.

Gainera, Euskal Herrira itzuliz, epe laburrean erronka garrantzitsuak ditugula nabarmendu zuen, Eusko Alkartasunaren “ahalegina, lana eta ekarpena eskatuko dutenak”. Legegintzaldiaren azken txanpa honetan, “Eusko Alkartasuna Nafarroan indartzea lehentasuna izango da Zuzendaritza Nazional eta Kontseilu Nazional berri honentzat. Dena emango dugu EA Nafarroak bere onena eman dezan EH Bilduren hautagaitzan”, adierazi zuen.

Bestalde, gogorarazi zuen “urtebete eskas geratzen zaigula Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal eta foru hauteskundeetarako. Eta hauteskunde hitzordu berri hau bideratu nahi dugu, ziur baikaude EH Bildu dela gobernurako aukera bakarra, herri txikienetik hiriburuetara”. Gainera, Gasteizko Legebiltzarrean lan asko dagoela egiteko nabarmendu zuen.

“Bere etorkizuna justizia sozialetik, elkartasunetik eta askatasunetik eraikiko duen herri bat” lortzearen erronka azpimarratu zuen.