Lorena Lopez de Lacalle, Kultura diputatu ohia: ” Euskal Herriak ez du bere iraganaz harro egoteko iruzurrik behar.
Arabako ondare arkeologikoaren harribitxia den Iruña-Veleiaren balioa azpimarratu behar da”
Eusko Alkartasuna pozik agertu da Iruña-Veleiako grafitoei buruzko epaiarekin. Bere garaian Lorena Lopez de Lacalle, EAko Kontseilu Nazionaleko kideak zuzentzen zuen Kultura Departamentuak egindako lana bermatzen du. “Ez Arabak ez Euskal Herriak ez dute iruzurrik behar beren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz harro egoteko”, adierazi du 2006an aurkitutako grafitoen benetakotasuna zalantzan jartzen hasi zenean Kultura diputatu izandakoak. Lopez de Lacallek gaineratu duenez, “hasieratik, gaia sakon aztertu nahi izan genuen. Helburua ez da inoiz kartzela-zigorrak lortzea izan, gertatutakoa argitzea baizik”.
Eusko Alkartasunak kudeatu zuen Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak erantzukizunez egin zuen lana, “Arabako ondareari eragindako kalte eta galerak auzitegien esku utziz, horien zantzu nahikoak baitzeuden”. 11 urte geroago, lan on horrek fruituak eman ditu. Orain, “Aztarnategi paregabearen izen ona berreskuratzea da garrantzitsuena, bikain zaindutako gunea izanda, historiaurretik gaur egunera arteko datuak aztertzeko aukera ematen duen Arabako historiaren benetako liburu irekia baita”. Horregatik, “indusketen erritmoa berreskuratzeko eta aztarnategiari balioa emateko garaia” dela azpimarratu du Lopez de Lacallek.
Lopez de Lacallek Foru Aldundiko kultura saileko taldeak 2007ko abuztutik 2010eko abendura egindako kudeaketa ona balioan jarri du, eta jasotako kritikei inoiz ez diela erantzun azaldu du, prozesu judizialarekiko errespetuagatik, “eta lehen eta orain, garrantzitsuena ondarea balioesteko lan egitea delako, ezagutza zabaldu eta etorkizuneko belaunaldiei helarazteko”.