Eusko Alkartasunak (EA) Emakume Askeen Mugimenduak (Tevgera Jinên Azad, TJA) asteburu honetan Batmanen (Ipar Kurdistan) “Emakumeok faxismoaren aurka antolatzeko eta askatasunaren bila jarraitzeko prest gaude” lelopean egin duen kongresuan parte hartu du.
Europako Aliantza Libreko (EFA) presidentea eta EAren nazioarteko harremanetarako idazkaria den Lorena Lopez de Lacalle biltzarrean izan da, Erdoganen gobernuaren errepresioaren eta legez kanporatzeko mehatxuen aurrean TJAri babesa emateko.
Lopez de Lacallek Turkiatik, Iraketik, Ekialde Hurbileko beste eskualde batzuetatik eta Europatik iritsi diren 1200 emakume kurdu baino gehiagoren aurrean hitza hartu du. Diskurtsoan Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen errepresioaren biktimak gogoan izan ditu. “Gure pentsamenduak presoen amekin, bakearen aldeko amekin, eta espetxean dauden emakumeekin daude”, adierazi du.
“Emakumeok aurrerapenaren, justizia sozialaren, herrien askatasunaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko borrokaren abangoardian gaude. Feminismoa gure motorra da, gure indarra, gure elkartasuna”, azpimarratu du.