Saharako kausa, klima-aldaketa eta migrazio-politikak izango dira konklabearen ardatzak

Eusko Alkartasunak Europako Aliantza Librearen Batzar Nagusian parte hartuko du maiatzaren 12tik 14ra, Las Palmas Kanaria Handikoan. Batzarra Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako eskubideari buruzko konferentziarekin hasi da, Espainiako Gobernuaren norabide politikoa baztertuz eta bide bakarra nazioarteko zuzenbidearena dela berretsiz. Batzarrean 25 mozio eztabaidatuko dira, horien artean EAk migratzaileen giza eskubideen egoerari buruz (bereziki Bidasoako mugan) aurkeztutako bat, eta EAk, Esquerrak, BNGk, Més Compromisek, Nueva Canariasek eta PSM-Entesa Nacionalistak batera aurkeztutako beste mozio bat, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio-eskubidea babestuz.
LorenaALEBatzarra
Eusko Alkartasunaren ordezkaritza Eba Blanco idazkari nagusiak, Asier Gomez Komunikazio idazkariak, Lorena López de Lacalle Nazioarteko Harremanetarako idazkari eta ALEko presidenteak osatzen dute. Gainera, Naroa Velasco (Gazte Abertzaleak) eta Hugo Uruñuela (Coppieters, ALEko kide diren alderdien fundazioaren bilera paralelora) joango dira.

Batzar horretan, Uharteetako Foroa, bere lehenengo saioan garraio jasangarriari buruz eztabaidatuko duena, eta ALEko Emakumeen Foroa aurkeztuko dira jendaurrean. Azken urteotan ALEko zuzendaritzak egindako lanaren bi mugarri garrantzitsu, Lorena López de Lacalle (EA) presidentea buru dela.

Europako Aliantza Librea Europako alderdia da, bere barne Eusko Alkartasuna dago, Esquerra, BNG edo Eskoziako SNP bezalako 48 alderdi politikoekin batera. Lehen aldia da Europako alderdi politiko batek urteroko bilera egiten duela Kanarietan, Europar Batasuneko hegoaldeko mugan.