• Esku-hartze militarra bertan behera uzteko, tropak erretiratzeko eta nazioarteko bitartekaritza bat eskatzen du.
• Gerrak dakarren munduko berrarmatzea salatzen du.
Eusko Alkartasunak errefusatu egin du Vladimir Putin Errusiako presidentea Ukrainan egiten ari den gerra. Esku-hartze militarra eteteko, tropak erretiratzeko eta nazioarteko bitartekaritza egiteko eskatzen du. Era berean, gerra honek dakarren mundu mailako berrarmatzea salatu du, eta Euskal Herrian armen industriari buruzko hausnarketa bat egiteko eskatu du.
Lorena Lopez de Lacalle Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politika idazkariak Putin Ukrainan egiten ari den gerraren aurka hitz egin du. Nabarmendu duenez, EAk beti defendatu izan du “bakearen kultura, elkarrizketa eta negoziazioa termino baketsu eta demokratikoetan, gatazka guztiak konpontzeko”.
Ildo horretan, Europar Batasunari, Estatu Batuei, Txinari, Errusiari eta Ukrainari dei egin die, “Europar Batasunaren eta Nazio Batuen printzipioak eta balioak betez, berehala exiji dezaten esku-hartze militarra etetea, tropak erretiratzea eta lurralde neutroan negoziatzea, nazioarteko bitartekaritzarekin, su-eten bat eta Ukrainaren berreraikuntza azkarra bermatuko duen bake adostu eta iraunkorrerako egutegi bat”.
“Egoera humanitarioak eta Errusiari ezarritako zigor ekonomikoek ondorio ekonomiko eta sozialak dituzte mundu osoan dagoeneko, eta arreta luzea eta nazioarteko elkartasuna eskatuko dute”, adierazi du.
López de Lacallek salatu duenez, “gerra honek mundu mailako berrarmatzea ekarri du”. Eusko Alkartasunako kideak “gure arma-industriei buruzko hausnarketa kolektibo sakona egitea” proposatu du, “industria horiek beren produktuak gizateriarentzat erabilgarriak diren produktu bihurtzeko bideari ekin diezaioten, eta ez gizateria suntsitzeko bidea”.