Pello Urizarrek bihar Nazioarteko lantaldearekin batera Arnagako ekitaldian parte hartuko du, ETAren behin betiko amaiera egikaritzeko.
Urizarrek azpimarratu du “Gure esentzian dago bakegintza. Biktima guztiak eta oinaze oro gogoan, bakearen bideari ekitea dagokigu guztioi, Herri honetan sufrimendua sortzeari utzi, eta elkarbizitza eraikitzen has gaitezen”.
“Gernikako akordiotik Aietera joan ginen. Orain Aietetik Arnagara, eta behar den tokira joango gara bakea bada helburua. Bakearen bide orria diseinatu genuenean inor gutxik sinetsi zuen posible zela egoera honetara heltzea. Bakean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri librea izan da beti gure helburu. Demostratu dugu saiatzen garenean, lortu ere egiten ditugula helmugara heltzea.”
Kanbon ETAren bizitza luze eta ankerregia bukatuko da, baina gatazkak jarraituko du. Orain tokatzen zaigu bakegintzan sakon eta irmo aritzea. Orain, zorroztu beharrekoa bakea izango da, behin aizkora lurpean.