EAren Nazio Batzarrak Eba Blanco buru duen zuzendaritzaren Kongresua ospatzeko proposamenaren alde egin du
Eusko Alkartasunak – pandemia egoera larritzen doala ikusita- telematikoki ospatu duen Nazio Batzarrean onartu du bere Kongresu prozesuari ekitea. Lehen aldia da modu honetan antolatzen duela Batzarra, eta batzarkide guztien parte hartzea bermatu da, egon diren intzidentzia txikiak- %1a baino gutxiago- gardentasunez konponduz. Hemendik aurrerako bilera eta hitzorduak ere segurtasun neurri guztiekin ospatuko ditu EAk.
Kongresu prozesuari dagokionez, gehiengo osoz onartu da bide orria; bozkatzaileen %75ak bozkatu du alde,%18a abstenitu da, eta bozka bakarra izan du aurka. Orain, alderdi sozialdemokratak martxo hasieran burutuko den prozesuari ekingo dio, barne araudiak betez. Horretarako, 6 hilabete ditu gutxienez alderdiak barne dokumentuak aztertu, eztabaidatu, emendatu eta kongresuko kideak hautatzeko. Hurrengo lau urtetan haritz hostoaren alderdiaren oinarri politiko nagusiak markatuko dituen bidea eztabaidatuko da prozesu honetan, bai eta bere antolakuntza eta zuzendaritza berria hautatu.
Nazio Batzarrak onartu du halaber ponentzia politikoaren eta alderdiko estatutuen txostenak egingo dituzten lantaldeak, bai eta Kongresua antolatu eta prozesu guztia gainbegiratzeko taldea. Azpimarratzekoa da azken lantalde honetako partaide guztiak -6- emakumeak direla. EAren Nazio Batzarrak gehiengoz babestu du orain arte zuzendaritzak hainbat arlotan egindako kudeaketa, eta prozesu hau burutzeko informazio txostena jaso du, gardentasun guztiarekin. “Prozesu honetan afiliatu guztiek izango dute parte hartzeko eta eztabaidatzeko eskubidea bermatua, gardentasun osoz. Hau da benetako eztabaida mahaia; organu honetan eman behar da negoziaketa, hala nahi bada benetan”. Horrela azpimarratu du Eba Blanco Idazkari Nagusiak.
EAko Idazkari Nagusiak eskertu nahi izan du baita ere Batzarrean jasotako babesa. “Nazio Batzar honek gehiengoz babestu du bai orain arteko bidea, bai Batzarrak egiteko modu berri hau, bai eta ohiko Kongresua antolatzeko bidea. Orain bada, gure onena emateko garaia dugu, Eusko Alkartasunak bere ekarpen politikoa egin dezan Euskal Herriaren eta kide garen EH Bilduren onerako”.
“Kongresu hau erronka garrantzitsua da EArentzat; Euskal Herriari, gure gizarteari eta gure inguruneari onuragarri eta beharrezko zaizkion planteamenduak egiteko baliagarri izango dena.
Aprobetxatu dezagun kongresu honek emango digun aukera positiboan lan egiteko, guztion artean eztabaidatzeko eta alderdia sendotu eta sendatzeko. Horrek, zalantzarik gabe, EH Bildu hobetzen lagunduko du”.