Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak esan duenez, bilera antzerki hutsa izan da

Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Eudelek atzo egindako bilera “antzezpen hutsa” izan zela salatu du, “batzar horretatik egungo krisi ekonomikoaren aurkako neurri bat ere ez delako atera”.

EAko agintariak nabarmendu duenez, “ez da onargarria jendeari sei batzorde sortuko direla iragartzea eta krisiari aurre egiteko erabakiak hartzeko orduan udazkenera arte itxoitea. Behar-beharrezkoa da Jaurlaritzak berehalako neurriak hartzea, orain arte, zoritxarrez, Lopezen Gobernua bakarrik marketina eta sinboloetan oinarrituriko politika saltzen ari baitzaigu”.

Urizarrek gogora ekarri du EAk neurri estrategikoak eta egiturazkoak proposatu dituela krisiaren konponbidea bermatzeko. Ildo horri jarraituz adierazi duenez, “Jaurlaritzak obra publikoan inbertitu behar du: azpiegituretan, gizarte, ekonomi eta ingurumen iraunkortasuna eta lurralde antolamendu egokia oinarritzat hartuta; eskola publikoan, haur eskoletan; ospitaletan, zahar egoitzetan eta innobazioan, horixe baita enpresa-ehunaren aldaketarako motorra merkatu globalizatuan lehiatu ahal izateko”.

Azkenik, EAko idazkari nagusiak ogasun-sistema progresiboa, elkartasunean oinarriturikoa, ezartzearen alde egin du, “gehiago dutenek gehiago eman dezaten”. Halaber, “gizarte eragile guztiekiko benetako elkarrizketa berreskuratu beharra” azpimarratu du, bai eta gizarte itun zabal baten beharra ere, euskal gizartearen bizi-kalitatea bermatzearren.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna