Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege Proiektuak, Euskal Unibertsitate Sistema garatzeko arau-esparrua ezartzen du.
Euskal Unibertsitate Sistema ezin da ulertu Europako testuinguruan erabat barne hartuta egon gabe. Legebiltzarrera bideratzeko gaur onetsi den Lege Proiektuak ahalegin berezia egiten du ildo horretan eta Boloniarekin bat egiteko eta Ikerketaren Espazio Europarra bereganatzeko bide bana planteatzen ditu.
Ikuspegi horrekin, Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege Proiektuak euskara unibertsitate-erabilerako hizkuntza gisa sendotu beharra eta beste hizkuntza batzuen nahitaezko erabilera uztartzen ditu; hau da, eleaniztasun bideratzailea planteatzen du integraziorako oinarrizko elementu gisa, hala Europan nola munduaren egitura globalizatuan.
Aldi berean, Euskal Unibertsitate Sistema garatzeko bideratzen diren baliabide materialak eta giza baliabideak irizpide hauetan oinarrituz arautuko dira: askitasuna, helburua eta malgutasuna. Malgutasuna irakasleen kontratuak garatuz eta unibertsitate inguruko instituzioen artean aldi baterako igarobideak ezarriz lortzen da.
Ikuspegi horretatik, kalitatea, ikuspuntu eta metodo gisa, etengabeko hobekuntzaren funtsezko elementu gisa islatuta geratzen da testuan.
Hori guztia gauzatzeko, Euskal Unibertsitate Sistemaren kontzeptua ezartzen da, Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitate-baliabideak osorik eta elkarrekiko menpekotasunarekin erabiltzeko aukera emango baitu.
Proiektuak, elementu instrumental gisa, Akreditazioaren eta Ebaluazioaren Euskal Agentzia, Unibertsitateen Euskal Kontseilua eta Unibertsitate Plana barne hartzen ditu.
Akreditazioaren Euskal Agentziak irakaskuntza eta ikerketa ebaluatuko ditu eta irakasleak akreditatuko ditu, Unibertsitate Sistema osoan kalitatea hobetzeko funtsezko elementu bihurtuz. Aldi berean, eta bere sorrerako bokazioan dagoen heinean, homologazio europarrerako baliagarria izango da.
Unibertsitateen Euskal Kontseilua, Euskal Unibertsitate Sistemaren existentzia gauzatu eta bisualizatzeko aukera emango duen organoa da, unibertsitateari loturiko gaiei dagokienez koordinazioa burutuz eta aholkua emanez. Bertan barne hartuta egongo dira unibertsitateko ikerketarekin eta irakaskuntzarekin loturik dauden Herriko instituzio nagusiak.
Unibertsitate Plana, Eusko Jaurlaritzak unibertsitate-politika ezartzeko duen tresna da. Sistemikoa izango da eta programa-kontratuak bezalako tresnen bitartez garatuko da.
Jatorria: Anjeles Iztueta