Manex Pagola • EA-ko hautagaia hiriburuko kantonamenduan eta urketan

Manex Pagola Eusko Alkartasuneko Ipar Euskal Herriko idazkaria da. Hauteskundeotan, herriko bozetan Urketan parte hartuko du, eta kantonamendu bozetan Hiriburuko barrutian, Eusko Alkartasuna defenditzeko.


Azken urteotan Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bozetan ABrekin edo EAJrekin aurkeztu izan zarete. Orain zergatik bakarrik?

Ipar Euskal Herrian elkargoko lanak ez direla ongi eraman iruditu zaigu, eta, gainera, EAk bere mezua baduela uste dugu. Euskal Herriaren aitzinamenduari buruz iritzi ezberdinak dauden bezala, hauteskundeetan hautu ezberdinak behar dira. Entsegu zenbait egin dugu lekuka besteekin ere, baina argiki ikusi dugu batzuek ez zutela nahi halako bat-egiterik egin genezan.


Nortaz ari zara eta zergatik ez zuten nahi zuekin batera joan?

 
Abertzaleen Batasunekoez ari naiz. Ez zuten gurekin batera joan nahi, guk ez baitugu onartzen politika edozein gisatan egitea. Horiek politika egiten dute, baina edozein mediorekin. Guk uste dugu politikak ere badituela bere legeak. Euskal Herri batua nahi dugu, baina mailaz maila egin behar da. Beste batzuk Euskal Herriaren askapen mugimenduan sartuak dira. Baina guk ez dugu askapenik nahi.


Nolaz ez duzuela askapenik nahi?

Ez dugu edozein moldez, tiroka eta bortxaka eginen den askapenik. Badakigu arerioek aspalditik zein medio erabiltzen duten, baina guk ez dugu bertzeen metodo berak erabiltzea onartzen. Egun badakigu Bilbon gertatzen den trakeskeriak Barkoxen minutu baten buruan duela eragina. Ez ditugu bide bortitzak onartzen, eta gure helburuak baketsuki lortzen ahal ditugula segur gara.

Zergatik Hiriburu, Maule eta Bidaxuneko kantonamenduetan aurkeztu dituzue hautagaiak?

Hiru eskualde horietan mezu propioa zabaltzeko asmoz. Uztaritzen ere pentsatu genuen hautagaia aurkeztea, baina EAJk berea aurkeztu duenez, erabaki dugu halakorik ez egitea. Hiriburu handituz doan kantonamendua da, eta garapenari buruzko mezu propioa dugu bertan zabaltzeko. Bidaxunen, berriz, euskal izaeraren inguruko mezua dugu helburu. Maulen, azkenik, Zuberoan kokatzen delako, oihartzun berezi bat eman nahi genion gure kanpainari.


Herriko bozetan ez duzue hautagairik aurkeztuko. Zergatik?

Herriko bozetan ez dugu aski jenderik aritzeko, nahiz eta gure aldeko asko izan. Itxaropena dugu gugandik hurbileko hamar bat hautagai hautetsi bilaka daitezen, eta gero EAn sartzeko urratsa egin dezaten. Ni Urketan aurkeztuko naiz, adibidez, nahiz eta zerrendaburua EAkoa ez izan. Arazoa da guk ez ditugula alderdi frantsesek dituzten medio berak.


Kantonamendu bozetan, aldiz, hirutan bakarrik eta, gainera, aukera handirik ukan gabe aurkeztu zarete. Ez al zarete ahultasun irudia azaleratuko den beldur?

Uste dut biziki emaitza onak ukanen ditugula. Oso harrera ona ukan dugu herritarrenganik. Dena dela, zenbat eta hautagai abertzale gehiago izan, hainbat eta boz abertzale gehiago izanen da. Dena dela, ez baditugu helburu berak, zergatik aurkeztu behar dugu elkarrekin? Beraz, nork bere hautagaiak aurkezten ditugu.


Hiriburun bigarren itzulia izanen dela uste da. Noren alde galdeginen duzue boza bigarren itzulian?

Goiz da erantzun baten emateko. Bigarren itzulian izateko bozen %10 gainditu ditzaketen bi hautagai baino gehiago dira, nire ustez, baita gu ere. Ikusiko.

Jatorria: Manex Pagola