Badira dena ziklikoa dela esaten duten ikuspegi filosofikoak, orain gertatzen ari den zerbait etorkizunean ere gertatuko dela diote. Gurean hasi berri den bakeak eta elkarbizitzak atzerapausu itzela eman dute. Urriaren 14ean Altsasun gertatu ziren atxiloketei buruz ari gara, noski, eta Estatuak “dena da ETA” teoria zoroari jarraituz pertsona batzuk markatzeko zikloari ekin dio berriro ere.

Kontuari kronologikoki begiratzen badiogu, 2011an ETAk bere jarduera armatuaren zikloa bukatzeko behin betiko erabakia hartu zuen. Hortik igaro diren bost urteetan, ETAk armagabetzeko bere nahia azaldu du eta modu ordenatuan disolbatzeko erabakia hartu dute, baina espainiar eta frantses estatuek ETAren disoluzioa oztopatzeko ateak itxi baino ez dute egin. Eta bitartean, elkarbizitza berriak gizartean bidea egiteari ekin dio, ziurrenik nahiko genukeena baino mantsoago. Urteak beharko dira, belaunaldiak, batzuk eta besteen arteko hesiak desagertzeko, urteak eta urteak biolentzia bizi izan duen herriak hesiak baititu. Orain eta datozen urteetan, zaila da elkarbizitza idilikoa izatea.

36 gerraren esperientzia, 40 urteko diktadura eta amaitu gabeko trantsizioa itxi gabeko zaurien eredu ezin hobea dira. Era berean, azken hamarkadetako zauriak ixteko neurri serioak behar direla eta azken 80 urtetako memoria osoa osatuko duten norbanako eta taldeetako kontakizunak kontutan hartzeko garrantzia erakusten digu aurreko esperientzia horrek. Bitartean, gizarteak zaurietan gatza bota gabe bizi behar du, pertsona eta familia batzuen zauriak oso bizi baitaude oraindik. Zorionez, konplexurik gabeko ekimenen bidez zauriak sendatzen dituenik ere bada: hor dago Joseba Asiron, Iruñea zaharreko alkatea, “Monumento a los Caídos” lotsagarrian egindakoarekin.

Zazpi zauri gehiago dauzkagu aste amaieran, epaiketarik gabe kartzelaratuak izan diren zazpi gazte. Kasuak ez ditu gazteak eta bere familiak bakarrik kaltetzen, gizarte osoa ukitzen du. Herri oso bat hasarre dago, Altsasua Estatuaren blokeo eta ezezkoaren estrategia horretan froga gune bezala erabili duelako. Ez da bakarrik apurtutako txorkatila batengatik zazpi lagun kartzelaratzea gehiegikeria dela; ez da bakarrik kartzelaratuak izateko “salaketak” “mespretxuko begiradak” bezalakoak erabili dituela; ez da bakarrik bi aldiz borondatez deklaratzera joan dena “ihes egiteko arriskua” egotzita kartzelaratu dutela; horren guztiaren batuketa da: bidegabekeria osoa. Eta, are gehiago da, gertatutako adibide argia delako: Estatuak ez du interesik biolentziaren zikloa modu ordenatu batean buka dadin; ez du ziklo berri bat abiatu nahi non proiektu politiko guztiek, independentistak barne, lekua duten.

Zazpi gazte atxilotu eta espetxeratuak izan dira goizeko bostetan izandako borroka batengatik. Lehen ere esan dugu, eta ez diogu esateari utziko, biolentzia ez dela inoiz arazoak konpontzeko bidea, baina ordu txikietan gertatutako liskar bat maila politiko eta judizialean jartzea, Auzitegi Nazionalak epaitzeraino, herri honetan horrek suposatzen duenarekin, ez sinisteko modukoa da.

Arrazoi politikoengatik eta, ziurrenik, gizartea asaldatzeko martxan jarri den iraganera bueltatzeko estrategia oso joko arriskutsua da. Gai judizialari, gainera, gai mediatikoa ere gehitu behar diogu. Alde batetik, Estatu mailako komunikabideen kanpaina dugu: Altsasun bi aldiz bakarrik egon diren pertsonek Sakana zulo beltz bat bezala definitu dute, terrorismoaren gidaritzapean bizi eta horren berpiztea nahi duen gizarte bat deskribatu baitute.

Bestetik, Ahotsa.info komunikabidea ixteko saiakera dago, Alde Hemendik mugimenduari babesa emateagatik eta Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzearen aldekoak direla egotzita. Gainera, Aldaketaren Gobernuaren aurka ere egin dute, Ahotsa.info finantziatzeagatik. Hemen dago gakoa. Sakanako gizartea asaldatzeaz gainera –ondorioz, Euskal Herrikoa-, badirudi Nafarroako Gobernuari kalte egin nahi diotela. Saldu nahi dute Uxue Barkosen Gobernua, lau alderdiez osatutako eta EH Bildu parte den Gobernu hori, terrorismoaren babesle dela.

Argi zegoen, Estatuak Nafarroa eta Iruñeako koalizio Gobernuen aurkako estrategia bortitza martxan jarriko zuela, erabakitzeko eskubidea errespetatzen duten alderdiez osatuta egonda. Abertzaleak Nafarroako instituzioetan egoteak eta kudeaketa normalizatua egiteak tabu asko puskatu ditu eta beldur asko kentzeko potentziala ere badu. Horregatik, Estatuak begietan hartu du. Estatuaren arduragabetasunarengatik daude zazpi gazte kartzelan eta ia ahaztuta zegoen ezinegon soziala bultzatu da. Hau guztia, amaiera ordenatuaren bidean aurrera ez egiteko. Hori ez gertatzea gu guztion ardura da.