Pello Urizarrek nabarmendu duenez, apustu horrek Euskal Herrian normalizazioa eta bakea lortzeko ezinbesteko printzipio demokratikoa onartzen dela esan nahi du eta espainiar Gobernua Alderdien Legea bertan behera uztera bultzatu behar du.
Eusko Alkartasunak ezker abertzalearen barne-eztabaidaren ondorioak laburbiltzen dituen prentsa oharrari buruzko bat-bateko balorazioa egin du eta norabide egokian emandako aurrerapausoa dela adierazi du. Izan ere, bide politikoak bakarrik aldarrikatzeak Euskal Herrian normalizazioa eta bakea lortzeko ezinbesteko printzipio demokratikoa onartzen dela esan nahi du.
Baldintza hori onartuta, espainiar Gobernuak Alderdien Legea bertan behera utzi beharko luke, tresna politikoak bakarrik erabiltzeko ezker abertzalearen konpromisoak ateak zabaltzen dizkio oinarrizko eskubideak errespetatuz ideiak eta proposamenak kontrastatzeari.
EAren iritziz, Euskal Herrian normalizazio politikoa eta bakea lortzea ahalbidetuko duen bide bat irekitzen ari da eta, espainiar Gobernuari ohartarazi dionez, euskal gizarteak ez dio inori bide horretan oztopoak jartzen utziko.
Beren proiektu politikoa defendatzeko bide zibil eta demokratikoak bakarrik erabiltzearen aldeko apustua egiten dutenei politikaren arlo guztietan lan egiteko aukera ematearen garrantzia nabarmendu du EAk.
Jatorria: Eusko Alkartasuna