Inolako biolentziarik gabeko eskenatokia eraikitzeko ahaleginak ezin du tamalez oso zabalduta dagoen biolentzia matxista ahaztu
Igandean Bilbon egingo den Foro Sozial Iraunkorreko genero lantaldeko bileran parte hartuko du Eusko Alkartasunak. Bilerak Euskal Herriko biolentzia matxistaren biktimen erreparazioa lortzeko ibilbidea hastea du helburu. Lohitzune Txarola, Eusko Alkartasunako Giza Eskubideen idazkaria joango da tamalez oso testuinguru egokian egingo den bilerara, epe laburrean hiru emakume hil baitutzte Euskal Herrian, (Ustaritze, Sestao eta Lantaronen).
Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioekin lan egiten duen Foro Sozial Iraunkorrak beste biolentzia batzuk jorratzen hasiko da. Izan ere, motibazio politikodun biolentzia egon den bitartean beste batzuk ere egon dira, hala nola biolentzia matxista, eta horren biktimek ere aitorpena, justizia eta erreparazioa lortu behar dute.
Lohitzune Txarolak ekimena beharrezkoa dela deritzo “emakume askorentzat biolentziarik gabeko eskenatokia lortu dugula esatea gezur handia baita, egunerokotasunean bizi dutena kontutan izanda”. Inolako biolentziarik gabeko eskenatokia eraikitzeko ahaleginak ezin duela beste errealitate hori ahaztu azpimarratu du Txarolak, are gehiago gizartean oso zabalduta dagoenean, arlo guztietan, senditik hasi eta lan mundura beste guztietatik pasatuta.