Lorena López de Lacalle ALEko presidentea eta Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politika eta Garapenerako Lankidetzako arduraduna izango da bertan, baita Alkartasuna Fundazioko ordezkaritza bat ere.
Coppieters Foundationek eta Forum Soberanistak prestakuntza-jardunaldi batzuk antolatu dituzte Gandian. Bertan, Europako hainbat gairen inguruan aliantza berriak eztabaidatu eta artikulatzeko, hala nola feminismoa ikuspegi intersekzionaletik, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa, eskuin muturraren gorakada, sindikalismoa edo lurralde arazoen kudeaketa.
Prestakuntza gunea Gandiako Borgia Hotelean izango da abenduaren 10ean eta 11n. Abenduaren 10ean, 16:00etan hasiko da, Miquel Rosselló Forum Soberanistako presidentearen eta Lorena López ALEko presidentearen hitzaldiekin. Maila anitzeko kogobernantzaren orainari eta etorkizunari buruzko datuak eta hausnarketak trukatzeko asmoz, asteburuan zehar lau eztabaida-mahai, mahai-inguru bat eta Fundació Nexe eta Coppieters Foundation-en artean eskuin muturrari buruz egindako azken argitalpenaren aurkezpena izango dira.
Ostiralean, hilak 10, bi gune egongo dira: lehenengoa feminismoari eta bere aplikazio intersekzionalari buruzkoa izango da, hainbat aditu izango dituena eta Valentziako Generalitateko Hezkuntza Berrikuntza eta Antolamenduko zuzendari nagusia den Reis Gallego Peralesek moderatuko duena. Jarraian, sindikalismoaren Europako artikulazioan egiteke dauden erronkak aztertzeko mahaia izango da, eta bertan izango dira Forum Soberanistako kide diren sindikatuak: Intersindical Valenciana, LAB, Intersindical CSC, CIG eta Fundación Manu-Robles Ajangiz.
Hilaren 11n, larunbata, 09:30ean hasiko da saioa, eta “Europa gatazkak konpontzeko lagungarria moduan. Argitasun-esparru baten abantailak eta desabantailak” mahaia izango da. Jarraian, beste mahai bat egongo da “Hizkuntza-aniztasuna babesteko erronkak: komunikazio-errealitate berrietarako tresna berriak” aztertzeko, Anna Oliver d’Acció Cultural del País Valencià (ACPV)ko presidentearen moderazioarekin.
Azkenik, amaiera baino lehen, mahai-inguru bat sortuko da ordezkari politiko ezberdinen hitzaldiekin. Honako hauek hartuko dute parte: Alex Micó (Més-Compromis), Jon Iñarritu (EH-Bildu), Marta Rosique (ERC), Olalla Rodil (BNG), Vicenç Vidal (Més per Mallorca), Mireia Vehí (CUP) eta Pilar González (Adelante Andalucía). Fundació Nexe fundazioko Amadeu Mezquidak moderatuko du mahai-ingurua.
Larunbatean, 18:30ean, Europako hegoaldeko eskuin muturrari buruzko txostenaren aurkezpenarekin itxiko da mintegia, Coppieters Foundation-ek eta Fundació Nexe-k batera egina. Itxiera mahaian izango dira Gonçal Grau i Muedra, Fundació Nexe-ko presidentea, Sandra Llano, Forum Soberanistako batzarkidea, Xabier Macias, Coppieters Foundation-eko presidentea eta Idoia Arreaza, txostenaren egilekidea eta Fundació Nexe-ko Demokrazia eta Parte-hartze Labeko kidea. Mintegia abenduaren 12an, igandea, amaituko da, Gandia hirian zehar egingo den bisita gidatuarekin