Atzo Bilbon hil zen ertzainaren sendia eta ingurukoei
dolumina agertzen diegu
Dolumina eta elkartasuna adierazten die Eusko Alkartasunak atzo Bilbon Athletik eta Moskuko Spartak-en arteko partidarengatik egin zen operatiboan hildako ertzainaren sendi eta ingurukoei. Partida “arrisku handikoa” zen, hori baino lehen eta bitartean egon zen bortizkeria dela eta. Futbolaren inguruan garatzen den bortxakeriaren normalizazioari buruzko hausnarketa egitea premiazkoa dela deritzo EAk. Izan ere, atzo Bilbon, Euskal Herriko hiribururik handienean jendartearentzako arrisku egoera egon zen.
Futbol partida batek ezin duela gizartearen egunerokotasuna baldintzatu uste du EAk. Atzokoan kaleak itxi ziren, trafikoa eten, helikopteroak ibili ziren hiriaren inguruan eta San Mames Barriaren inguruko eskola batek bertan behera utzi zituen arratsaldeko aktibitateak, gertatu zitekeenaren beldurrez.
Euskal kluben zalegoeak eredugarriak direla erakutsi dute askotan eta gehiengoari begira hala da, baina ezin dira zenbait partidaren inguruan sortzen den bortxari buruzko hausnarketatik kanpo gelditu. Ez eta euskal gizartea bera ere. Kirola kultura eta gizarte balioen sinonimo dela gogoratu behar da. Horiek desagertu eta xenofobia, faxismoa eta biolentzia agertzen direnean horrelako ekitaldiek gizartearentzat onuragarri izateari uzten diote.