Mikel Irujo Barne ministroak Kongresuan azalpenak eman ditzan behar diren tramiteak abiaraziko ditu EAk

Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkari Mikel Irujok Gara egunkariak pairatu duen espioitza kasua salatu eta honek Estatuko Segurtasun Indarrak, Barne Ministerioa eta Gobernu espainol osoa agerian utzi dituela adierazi du, Garak Iruñean duen egoitzan Poliziak entzuketa telefonikoak egiten jardun duela jakin ostean. Irujoren esanetan, “espioitza kasua agerikoa da eta hori Zigor Kodeak delitutzat jotzen du; gainera, edozein Zuzenbide Estatutan oinarrizkoa den eskubide baten aurkako atentatu larria da, prentsa eta komunikazio askatasunaren aurkakoa, hain zuzen ere, eta horrek are arbuiagarriago egiten du. Espainiar Estatuak bere gabezia demokratikoak agerian utzi ditu horrela”.

Hau ez da Euskal Herrian ezagutzen den espioitza kasu bakarra eta Eusko Alkartasunak berak ere legez kontrako entzuketak pairatu ditu, gogorarazi du Mikel Irujok, bai eta Estatuko estoldetan mugitzen diren polizia-aparatuek inolako zigorrik jaso gabe jokatzen dutela salatu ere.

Gertaturikoak duen larritasuna ikusita, Eusko Alkartasunak beharrezko tramiteak egingo ditu Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak berehala Kongresuan entzuketa telefoniko hauei buruzko azalpenak eman ditzan eta, demokrazian funtsezkoak diren eskubideen urraketa hau dela-eta, berari dagozkion erantzukizunak bere gain har ditzan.

Halaber, eurodiputatua ere baden neurrian, Mikel Irujok Europar Batasuneko erakundeetara ere eramango du espioitza kasu honen salaketa eta oinarrizko eskubideen urraketa Europako Legebiltzarrean salatuko du.

Eusko Alkartasunak ‘Prentsa askatasuna Euskal Herrian’ izenburuko txostena aurkeztu zuen duela hilabete bat eta ordezkari politikoek eta komunikabideetako profesionalek osaturiko behatoki bat sortzearen alde agertu zen, behatoki horrek hedabideek euren lana egiteko dituzten baldintzak eta testuingurua aztertu eta horren inguruko txostenak egin ditzan.

 

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna